Efemeridea 2022ko abenduaren 29a

Nortasuna eta Ekonomia Ituna

1980ko azken hilabeteetan, Ekonomia Itunaren negoziazio-aldi erabakigarriari ekin zioten, eta azken akordioa 1980ko abenduaren 29an ondu zen; dena dela, hainbat inguruabar tarteko izan zirela, 1981eko maiatzaren 13ra arte ez zen onartu.

Rueda de prensa sobre el Concierto Económico Rueda de prensa sobre el Concierto Económico

Franco diktadorea hil ostean, gaur egungo autonomia-erkidegoen sistema antolatzeko trantsizio-aldia hasi zen. Sistema horrek, baina, isla izan zuen Bigarren Errepublikan, Kataluniako autonomia-estatutua onartu zela lehenengoz, eta, gerra hasita zegoela, Euskadikoa eta Galiziakoa, nahiz eta prozesua estatuko lurralde osora ere hedatu zen.

Horrela, Bizkaiak eta Gipuzkoak Ekonomia Ituna berreskuratu zuten, 1937an indargabetu eta baliogabetu zutenetik 44 urtera. Arabak, berriz itunari eutsi zion eta beste lurralde baietan berriro indarrean jartzean, erabateko aldaketa gertatu zen autogobernu-tresna horren ohiko kudeaketan, ordura arte parte hartzen ez zuen Eusko Jaurlaritza ere esku hartzen hasiko zelako.

Azken 40 urteotan, Ekonomia Ituna Euskal Autonomia Erkidegoaren bereizgarririk behinena izan da Autonomien Estatua deritzonaren aldean, eta kudeaketa publikoa gobernatzeko tresna biziki garrantzitsua izan da.

Guztiaz ere, lehen Ekonomia Ituna askoz ere lehenago onartu zen, 142 urte lehenago, hain zuzen ere, 1878ko otsailaren 28an.

Foruak indargabetu ostean sortu zen Ekonomia Ituna, hots, II. karlistaldia amaitu eta gero, XIX. mendearen amaieran, euskal lurraldeek Espainiako Erresumaren finantzei ekarpena egiteko sistema gisa. Bestalde, Estatuak foru diputazioei aitortu zien zergak biltzeko ahalmena, gastu berekiei eta Estatuaren gastu komunei aurre egin ahal izateko.

Orduz geroztik, Ekonomia Ituna gaurdaino berritu da, frankismoaren garaian izan ezik, aldi horretan, eten egin baitzen itunaren aplikazioa Bizkaian eta Gipuzkoan, esan moduan, 1981ean berreskuratu zen arte. Ekonomia Itunaren azken berrikuntza 2002an egin zen. Azken berritze horretatik aurrera, itunaren indarraldia mugagabea da, baina eguneratu egin daiteke.

Beraz, Ekonomia Ituna gure iraganaren, orainaldiaren eta etorkizunaren bat-egitearen erakusgarri bikaina da, bai eta gure nortasunaren oinarrizko ezaugarrietakoa ere. Gure subiranotasunaren adierazle bilakaturik, itunaren oinarriak zalantzan jarri dituzte etengabe eta egun ere jartzen dituzte ezagutzen ez dutenek edo nahi ez dutenek, bai eta gure autogobernuaren berezitasuna eta hari lotutako eskubideak onartzen ez dituztenek ere.

DEIAn 2020an Pedro Luis Uriartek, Josu Elorriagak eta Juan Mari Ollorak argitaratutako erreportaje bat erantsi dugu.