Efemeridea 2021ko apirilaren 27a

Helburua: afruntua saihestea

Gaurkoa lako egun batean, 1937ko apirilaren 27an, hainbat buruzagi abertzale Sukarrietako hilerrian bildu ziren Sabino Aranaren gorpuzkinak hobitik ateratzeko asmoz, tropa frankistek hilobia profanatu ez zezaten.

Helburua: afruntua saihestea

Gaurkoa lako egun batean, 1937ko apirilaren 27an, hainbat buruzagi abertzale Sukarrietako hilerrian bildu ziren Sabino Aranaren gorpuzkinak hobitik ateratzeko asmoz, tropa frankistek hilobia profanatu ez zezaten.

 

Aurreko egunean, 1937ko apirilaren 26an, Alemaniako hegazkinek Gernika bonbardatu zuten. Hori dela eta, gerra fronteak azkar-azkar aurrera egiten zuela ikusita, Juan Ajuriagerrak buruzagi abertzalearen gorpuzkinak hilobitik ateratzeko erabakia hartu zuen, eta hala jakinarazi zion Antonio Gamarrari. Azkena, kutxatila eta gurutzefika erosteaz arduratu zen.

 

Gau hartan bertan, Sukarrietako hilerrira joan zen Gamarra, eta han beste abertzale batzuk zituen zain: Fernando Unzueta doktorea, Arana hilobitik atera zuena; Zeferino Xemein; Juan Bilbao; Doroteo Ziaurritz eta haren txoferra, Balbino Barriola; eta bertako abadea, besteak beste. Kanposantuan, hilobiaren lauza altxatu eta gorpuzkinak kutxatilan sartu zituzten. Era berean, gau hartan gertatutakoa jasota uzteko, bertaratutako guztiek sinatutako akta bat ezarri zuten kristalezko hodi baten barruan.

 

Aranaren gorpuzkinak Garikoitz dohatsuaren jaiotetxera (Ibarre, Nafarroa Beherea) eraman zituztela sinetsarazi nahi izan zuten, baina, egiatan, gorpuzkin gutxi batzuk baino ez ziren utzi han. Aitzitik, Sabino Aranaren gorpuzkin gehienak Sainz de Taramona familiaren panteoian lurperatu zituzten, Herrerako hilerrian, Zallan.