Efemeridea 2023ko maiatzaren 4a

Euzko Ikastola Batza: ikastolen lehen elkartea

Gaurkoa lako egun batean, 1932ko maiatzaren 4an, Euzko Ikastola Batza sortu zen eta, une hartan, Bizkaiko 14 ikastola eta Gipuzkoako bat bildu zituen.

Adereñoen lehen promozioa 1932n. Adereñoen lehen promozioa 1932n.

Federazioak Bilbon, Sabin Etxean, hartu zuen egoitza eta elkartearen helburu nagusia umeak euskaraz heztea izan zen, oinarrizko irakaskuntza amaitu arte, hau da, 14 urte bete arte. Gainera, elkartearen zerbitzuak gizatalde guztiengana iritsiko zirela bermatzeko, bekak eta pentsioak eskaini zizkien behar zuten familiei.

Ezaugarri nagusiei dagokienez, esan behar da Euzko Ikastola Batza-ko eskola guztiak katolikoak zirela eta Eliza Katolikoaren arauak betetzen zituztela. Era berean, ikastola guztiak erabat euskaldunak eta elebidunak ziren, eta euskara zerabilten harreman-hizkuntza.

Euzko Ikastola Batza norbanakoen dohaintzez eta dirulaguntza ofizialez finantzatu zen nagusiki. Matrikulen ordainketari dagokionez, zenbatekoa familien ezaugarrietara egokitu zen, eta bestelako baliabideak bilatu ziren egoera ekonomiko eskasa zutenentzat.

Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Iruñean, Lizarran, Elizondon eta Gasteizen ere izan ziren ikastolak. 1936tik aurrera, Gerra Zibila piztu zenetik, Euzkadiko Jaurlaritzak heldu zion federazioaren lanari, eta ikastolak sustatu zituen Euskadin eta erbestean.