Efemeridea 2022ko maiatzaren 4a

Euzko Ikastola Batza, ikastolen lehen elkartearen sorrera 1932an

Francok ez zuen euskarazko irakaskuntzaren garra erabat itzali eta, pertsona askoren konpromisoari esker, sugarrak piztuta iraun zuen.

Klandestinitateko andereñoak, Sabino Arana Saria 2006an Klandestinitateko andereñoak, Sabino Arana Saria 2006an

1932ko maiatzaren 4an, Euzko Ikastola Batza (EIB) sortu zen Bilbon, eta orduan ziren Bizkaiko 14 ikastolak eta Gipuzkoako bakarra atxiki zitzaizkion elkarteari. EIBk Sabin Etxea aukeratu zuen elkartearen egoitzatzat. Ekimenaren bultzatzaileek uste zuten irakaskuntzak euskal nortasuna bermatu eta elikatu behar zuela.

Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Iruñean, Lizarran, Elizondon eta Gasteizen ere izan ziren ikastolak. 1936tik aurrera, Gerra Zibila piztu zenetik, Euzkadiko Jaurlaritzak heldu zion federazioaren lanari, eta ikastolak sustatu zituen Euskadin eta erbestean.

Hego Euskal Herrian, diktadurak ezarritako erregimen berriak debekatu egin zuen euskararekin edo euskal kultura eta nortasunarekin zerikusia zuen oro. Hala ere, Francok ez zuen euskarazko irakaskuntzaren garra erabat itzali eta, pertsona askoren konpromisoari esker, sugarrak piztuta iraun zuen.

Horren adibide ditugu “klandestinitateko andereñoak” (Sabino Arana Saria 2006). Adore eta kemen handia erakutsi eta haien egoera eta etorkizuna arriskuan jarrita, izugarri lagundu zuten euskara iraunarazten eta garatzen, nahiz eta nahiz eta errepresioa zuzenean pairatu. Sabino Arana Fundazioak andereño haien guztien konpromisoa eta borroka aitortu nahi izan zituen, “Gaur egun euskal hezkuntza-sistemaren atal diren ikastolen mugimendu hasi berria abian jartzeagatik”.