Efemeridea 2021ko otsailaren 15a

Euskal Herriaren bidea autodeterminaziorantz

Gaurkoa lako egun batean, 1990eko otsailaren 15ean, hain zuzen, Euskal Herriaren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu zen Eusko Legebiltzarrean.

Euskal Herriaren bidea autodeterminaziorantz

Gaurkoa lako egun batean, 1990eko otsailaren 15ean, hain zuzen, Euskal Herriaren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu zen Eusko Legebiltzarrean.

 

Aldarrikapena mugarria izan zen Eusko Legebiltzarraren historian eta aldeko 38 boto (EAJ-PNV, EA eta EE), kontrako 23 (PSE, CDS eta PP) eta boto zuri bakarra izan zituen. Lehen aldiz historian, euskal herritarren gehiengo zabalak bere burua ordezkatuta ikusten ganbera batek aldarrikatu zuen era formalean Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea.

 

Herri Batasunak gogor gaitzetsi zuen EAJk, Eusko Alkartasunak eta Euskadiko Ezkerrak sustatutako testua. Iñigo Iruinek, sasoi hartako bozeramaileak, testuaren aurka egin zuen, haren ustez, autodeterminazio eskubidearen kontzeptua “hutsaldu” eta, besteak beste, autogobernuaren mailan jartzen zuelako. Hala ere, desadostasunak desadostasun, alderdi guztiek baterako frontea eratu zuten HBren aurrean eta haren estrategia apurtzailea gaitzetsi zuten.

 

PPren aldetik, Julen Guimonek ere gogor egin zuen ekimenen aurka, gainerako alderdi politikoek nahi zuten autodeterminazioak “nazioarteko Zuzenbidean babesik ez zuela” argudiatuta, aldarrikapena “ia-ia esparru kolonialari zegokiola eta”. Bestetik, CDSk eta euskal sozialistek, popularren argudioak aldeztu zituzten.

 

Eztabaiden txanda amaituta, HBko 13 legebiltzarkideek osoko zuzenketa erretiratu zuten eta aretotik kanpora joan ziren.

 

Gertaera horien ostean, Eusko Legebiltzarrak ibilbide luzea egin du erabakitzeko eskubidearen aldeko eztabaida eta ebazpenetan. 2014ko maiatzean, Euskal Herriaren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzen zuen ebazpena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.

 

Azken proposamena 2019ko azaroan mahairatu zen, eta Bilduren eta EAJren aldeko botoak jaso zituen. PSEk eta PPk, berriz, kontra bozkatu zuten, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen.

 

Autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapenaren 20. urteurrena dela eta, Josu Erkorekak DEIA egunkariaren “Historias de los vascos” sailean, 2010eko otsailaren 27an, argitaratutako erreportajea erantsita doa.