Efemeridea 2022ko ekainaren 24a

Euskal abertzaletasunaren aurrendariak Nafarroan

1910eko ekainaren 24an, Nafarroako lehen euskal erakunde abertzalea sortu zen: Iruñeko Euskal Etxea.

Lehen batzokiaren argazkia, San Jose kalean. Lau urte geroago, Zapatari kalera aldatu zen. Lehen batzokiaren argazkia, San Jose kalean. Lau urte geroago, Zapatari kalera aldatu zen.

Zuzendaritza batzordeko kideak hauexek izan ziren: Antonio Irurzun (presidentea), Leopoldo Garmendia (presidenteordea), Jose Lanpreabe (diruzaina), Manuel Aranzadi (idazkaria) eta Serapio Esparza, Enrique Zubiri eta Jose Zalba.

Urte horretako abenduan, lehen Napar Buru Batzarra (NBB) hautatu zen, eta Estanislao Aranzadi hautatu zuten buru.

Handik gutxira, lehen batzoki horretatik, Napartarra sortu zen, hau da, 1911-1919 bitartean, Nafarroako lehen jelkideei zeregin politikoetan lagundu zien astekaria.

Baina ez zen erraza bidea urratzea Nafarroan 1910ean. Jeltzaleen hazkunde azkarraren eraginez, Urroz, Gares, Lizarra edo Baztanera hedatu eta Iruñeko udaletxean sartu zirela, karlismoaren eta nafar kontserbadorismo anitzaren ikusezina eta gaitzerizkoa pairatu behar izan zuten.

Eskuindarren erasoak eta kritikak gorabehera, EAJ hazten eta garatzen joan zen hasierako gune iruindar horretatik abiatuta. Lehen akta politikoak hiriburuan bertan eskuratu zituzten, udal-hauteskundeetan. Hala, Santiago Cunchillos, Felix Garcia Larratxe eta Francisco Lorda Yoldi zinegotziek 1917. urtearen amaieratik jardun zuten Iruñeko udaletxean, eta haiei esker, hiriburuko agenda politikoa modernizatzeaz gain (bigarren zabalgunea eta erruki etxea, etxe merkeak, ogiaren prezioa eta beste auzi asko jorratu zituzten), foru- eta autonomia-aldarrikapenak oinarri berrietatik eraiki ziren.

Iruñeko udal-taldeak hazkunde nabarmena izan zuen eta, lehen aipatutakoez gain, Serapio Esparzak, bigarren zabalgunea diseinatu zuen arkitektoak, Javier Ziga margolari ospetsuak edo Leoncio Urabaien geografo eta irakasle ezagunak ere jardun zuten udalean, eta Iruñeko abertzaletasun jelkide aurrendariaren aztarna bikaina utzi zuten.

Lehen batzokiaren argazkia, San Jose kalean. Lau urte geroago, Zapatari kalera aldatu zen.