Efemeridea 2022ko irailaren 16a

Estanislao Aranzadi, euskal abertzaletasunaren aitzindarietako bat Nafarroan

Oñatin (Gipuzkoa) hil zen, gaurkoa lako egun batean, 1918ko irailaren 16an, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresura joana zela herri horretara.

Estanislao Aranzadi. Estanislao Aranzadi.

Estanislao Aranzadi Izkue Lizarran jaio zen, 1841eko maiatzaren 7an, eta Oñatin hil zen, 1918ko irailaren 16an, Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra Gipuzkoako herri horretan ospatzen zen egunetako batean. Iruñera eraman zuten eta “Arantzadiyak” familiaren panteoian hilobiratu zuten.

Abokatua, publizista, “arimaz eta aberriz euskalduna, eta nafarra, egiazko edo ustezko ‘erre’ guztiekin”, Manuel Irujo jaunaren hitzetan.

Apaizgai ikasten hasi zen, baina apaiztegia bazter utzi eta Zuzenbidea ikasi zuen. Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta, osasun-arrazoien zioz, katedra utzi behar izan zuen. Geroago, irakasle aritu zen Oñatiko Unibertsitatean, han baitzegoen bigarren karlistaldia hasi zenean. Unibertsitatea itxi zutenean, Lizarrako etxera joan zen.

Estanislao Aranzadi Euskal Herriko foruen eta ohituren aldezle sutsua izan zen, eta, bereziki, euskara zaintzen ahalegindu zen. Bizitza osoa eman zuen langintza horretan, bai kazetaritza artikuluetan, bai hitzaldi eta abarretan.

Pablo Jaurrietarekin batera (garai hartan, karlisten esku zegoen Nafarroako Diputazioko kidea zen), batzar batzuk sustatu zituen, eta horien ondorioz, “Montejurrako manifestua” deiturikoa ondo zuten, hots, liberalen eta karlisten arteko gatazka amaitu eta foruak berrezartzeko helburuz, foruak indargabetzeko legeak eta ondoko xedapenak indarrik gabe utzita eta Estatuak Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak osatutako Euskal Federazioa aitortuta.

Gerra amaitu zenean, karlistek galdu zutela, Estanislao Aranzadik deituta, hamabi abertzalek –“hamabi apostoluak” deiturikoak− “Lau-Buru” egunkaria sortu zuten, “Jainkoa eta Foruak” leloa zerabilela. Hamabi haiek izan ziren euskal abertzaletasunaren aitzindariak Nafarroan.

1882an, foru diputatu izateko aurkeztu zen Alderdi Foruzalearen izenean Lizarrako merindadean, baina ez zuen kargua erdietsi.

1894an, Gamazada izenekoaren antolatzaileetako bat izan zen, bai eta nafarrek Madrildik itzultzean Nafarroako Castejon herrian Foru Aldundiari egin zioten harreraren antolatzaileetako bat ere. Gamazadak nafar foruzaleen eta bizkaitar abertzaleen arteko lehen hartu-eman ofizialak ahalbidetu zituen. Sabino Arana Goiriren laguna zelarik, Aranzadi eta Aranaren arteko harremanek berebiziko garrantzia izan zuten euskal abertzaletasuna Nafarroan garatzeko, eta ekimen horretan, Aranzadi eta Irujo familiak izan ziren bultzatzaile nagusiak.