Efemeridea 2022ko maiatzaren 6a

Eliodoro de la Torre (1888-1946), lehen Eusko Jaurlaritzako aurreneko Ogasun sailburua

1889ko maiatzaren 6an jaio zen, eta bankuei buruzko ezagutzari esker, aditua izan zen ekonomia eta finantza gaietan.

Eliodoro de la Torre Eliodoro de la Torre

Gazte-gaztetatik, EAJn alderdikidetu zen eta, haren jarrera aurrerakoiak bultzatuta, kontsumo-kooperatiben abiarazlea izan zen, Deustuko Kontsumo Kooperatiba Sozietateko presidentea eta Euskal Langileen Alkartasuneko presidentea izan zelarik. Hori dela eta, kooperatibagintzaren aurrendarienetako bat izan zela esan dezakegu.

Altxamendu militar izan ostean, 1936ko uztailaren 18tik aurrera, Bizkaiko Defentsa Batzordean lan egin zuen, eta urriaren 7an Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saileko lehen sailburu izan zen.

Gerrak aurrera egin ahala, Eliodoro de la Torre atzerrira behar adina diru bidaltzeaz arduratu zen, bai Gobernuari berari eta haren jardunari eusteko, bai milaka euskal iheslari eta erbesteraturi sostengua emateko.

Igarobidea edo euskal pasaportea sortzea ere otu zitzaion, eramaileek nortasun-agiri egiaztatua bermatzeko asmoz, Frantziako agintariek onartuko zutelakoan eta, horri esker,  Frantziako muga igarotzen aise utziko zietelakoan.

Alfredo Espinosa fusilatu zutenean, horren saila ere esleitu zioten, eta iheslari nahiz gudarientzako gizarte-zerbitzuen sortzaile ere izan zen. De la Torreren eskimenez altxatu ziren «Gernika», «Euzkadi» eta «Otxandiano» ospitaleak Katalunian, La Roseraie ospitale handia Bidarten (Lapurdi), tuberkulosi-kontrako erietxea Kanbon eta erietxe helioterapikoa ere Berck-Plagen.

Katalunia galdu zenean, Eliodororen lana funtsezkoa izan zen berriro ere, hasiera batean, Figueresen eta, geroago, Perpinyáko Sala hotelean, Andres Irujo, Juan Manuel Epalza, Jose Amuriza edo Lucio Aretxabaletarekin batera.

Baionan hil zen, 1946ko urtarrilaren 28an.

Asier Madarietak, DEIA egunkarian, 2012ko urtarrilaren 28an, “Eliodoro de la Torre, un deustoarra de Barakaldo” argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.