Efemeridea • 2025ko irailaren 3a
Carlos Agirrebeitia, Euskal Erresistentziaren zutabea
Carlos Agirrebeitia gudarien komandante eta Euskal Erresistentziako burua 1964ko irailaren 3an hil zen bat-batean, Bilboko bere etxean.

1914an jaio zen eta oso gazterik afiliatu zen Euzko Alderdi Jeltzalean. 1936an, gerra hasi zenean, Euzko Gudarosteko Armadan sartu zen eta Lekeitioko frontera abiatu zen «Mungia» batailoiko gudari. Lekeition, kapitain-mailara igo zuten borrokan egindako merituengatik , eta batailoi horretako metrailadore-konpainiako buru jardun zuen. 1937an, 23 urte besterik ez zituela, komandante izendatu eta Urkiolako frontera bidali zuten; bertan «Larrazabal» batailoiaren ardura hartu zuen. Batailoi horrekin, posizioa defendatu zuen Gorbeian, eta geroago, Bilbon, hiriburua inbaditzaileen armadafrankistak setiatuta zegoela. Batailoitik bereizita eta etsaien indarrek inguratuta, Santurtzitik Donibane Lohizunera ihes egin zuen, eta handik jarraitu zuen borrokan, hainbat ardura hartuta.
EAJk Euskal Erresistentziaren buruzagitzan kargua batez jabetzeko eskatu ostean, Bilbora itzuli zen. Bizkaiko hiriburuan, 1946an, Areatzan Mola jeneralaren omenez eraikitako monumentuaren leherketa prestatu eta arteztu zuen. Agirrebeitiak esku-hartze erabakigarria izan zuen 1947ko eta 1951ko langileen grebak prestatzen eta aurrera eramaten. Aurreneko greba jendetsuak izan ziren, ehunka mila parte-hartzaile izan zirela diktaduraren hankapean zegoen herrialde batean. Antolatzaile bikaina zela, 1958an, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarrean hasi zen eta handik gutxira Euzkadi Buru Batzarrean. Gazte abertzalea eta mendigoizalea zelarik, Carlos Agirrebeitia 50 urterekin hil zen, bizitza osoa Euzkadiren zerbitzura jarrita eta aberriaren askatasunaren aldeko borrokan eman ondoren.