Efemeridea 2021ko uztailaren 28a

Bizkaia Zubia, metalezko egitura duen lehen transbordadore-zubia munduan

UNESCOk ondare unibertsal izendatu zuen 2006an, eta 128 urte bete ditu gaur.

Bizkaia Zubia, metalezko egitura duen lehen transbordadore-zubia munduan

Bizkaia Zubia, Portugaleteko Zubia edo Zubi Esekia ere deritzotela, 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen era ofizialean. Gizateriaren Ondarea da 2006az geroztik, munduko transbordadore-zubirik zaharrena, eta UNESCOren arabera, “sormen-adierazpen aparta, bere funtzionaltasuna eta edertasun estetikoa ezin hobeto uztartzen dituena”.


Alberto Palacio Elissague arkitektoak diseinatu zuen. Ferdinand Joseph Arnodin ingeniari frantziarra arduratu zen obra eraikitzeaz, eta Santos Lopez de Letona ehungintzako enpresari bilbotarra izan zen proiektuaren babesle eta finantzatzaile nagusia.


Ibaizabal ibaiaren itsasadarrean dago, Bilboko estuario nabigagarria XIX. mendera arte itsasora zabaltzen zen tokian, 61 metroko garaiera eta 160 metroko luzera du, eta Portugaleteko hiria lotzen du Getxoko udalerriarekin. Zubiaren txalupa pertsonak eta ibilgailuak garraiatzeko prestatuta dago, eta goiko aldean pasabidea dauka, itsasadarra oinez zeharkatzeko aukera ematen duena, bertatik ikuspegi eder-ederra dagoela.


UNESCOren Mundu Batzordeak, 2006ko uztailaren 13an, Munduko Ondare izendatu zuen, Bizkaia Zubia, “ibaiaren estuarioari egindako ekarpen ikusgarri eta estetikoki atsegina eta sormen teknikoko adierazpen aparta” delakoan, eitearen eta funtzioaren arteko lotura guztiz egokia islaturik.


Aitorpen horri esker, Bizkaia Zubia Mundu Ondarearen lehen ondasun bihurtu zen Euskadin.