Efemeridea 2021ko azaroaren 3a

Augustin Zubikarai Bedialauneta, euskaltzalea, idazle oparoa eta gogozko euskal abertzalea

Ondarroan jaio zen, gaurkoa lako egun batean, azaroaren 3an, orain dela 107 urte.

Augustin Zubikarai Bedialauneta, euskaltzalea, idazle oparoa eta gogozko euskal abertzalea

Osoro miretsi eta eskertzekoak dira Augustin Zubikaraik euskarari egindako ekarpen handia eta euskal kulturarekin izan zuen engaiamendua.

 

Saturrarango eta Gasteizko apaizgaietan ikasi ostean, Augustin kazetaritzan hasi zen eta, besteak beste, honako aldizkari hauetan argitaratu zituen lanak: Jaungoiko-zale, Euzkadi, Gudari, Argia eta Ekin. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, 1936an, Donibane Lohizunera (Lapurdi) ihes egin zuen. Geroago, Hegoaldera itzuli eta gudari jardun zuen, eta gerra bete-betean zela, Eguna egunkariaren ardura hartu zuen. Euzkadiko gerra amaitutakoan, atxilotu eta hainbat kontzentrazio-esparrutan, langile-batailoitan (Castro Urdiales, Aranda de Duero, Miranda de Ebro, Oteiza de la Solana eta Guadalajara) eta Ondarretako zein Azpeitiko kartzeletan egon zen preso.

 

Baina trukatu zuten eta Frantziako Tarbe eta Lannemezan herrietara erbesteratu zen. Alemanek Frantzia inbaditu zutenean, berriro itzuli zen eta hainbat kartzelatan egon zen preso (Figueres, Reus, Madril, Campo de Gibraltar).

 

1941ean, Ondarroara itzuli zen. Mutrikuko Arruti arrain-fabrikan aritu zen kontulari. 60ko hamarkadan, antzezlan, eleberri, ipuin, olerki, saiakera, eta itzulpen ugari eginda zituen, eta kazetaritza-argitalpen askotan parte hartu zuen, guztiak ere euskaraz idatzita.

 

1983an, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide izendatu zuen Busturia-Markina barrutian, EAJ-PNV alderdiaren izenean. Era berean, “Euskera zaintza” izeneko elkartearen presidentean izan zen. Euskararen batasunaren aldekoa izan zen, herri hizkeraz ahaztu gabe. 1993an, ohorezko euskaltzain izendatu zuten (euskaltzain urgazlea zen 1961etik), Martin Ugalde eta Bernardo Estornes Lasarekin batera. 1995ean, Sabino Arana saria jaso zuen. Galdakaon hil zen, 2004ko uztailaren 12an.

 

Adolfo Arejitak, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2014/11/1ean argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.