Efemeridea 2023ko martxoaren 8a

Martxoaren 8a: emakumeen borrokaren kronologia.

Gaur, martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna da. Egun honetan, gogora ekarri nahi da historian zehar emakumeek beren eskubideak aitortzeko, berdintasuna gizarteko esparru guztietan lortzeko eta diskriminaziorik ez jasateko borroka.

 

Emakume Abertzale Batzaren banderaduna Emakume Abertzale Batzaren banderaduna

Martxoaren 8a ez da gertaera isolatu baten ziozko data, ezpada, emakumeen etengabeko borrokaren ondorioa. Lehen arrastoak XIX. mendearen erdialdekoak dira, emakumeen sufragioaren, berdintasunaren aldarrikapenaren eta gizarte-, familia- eta lan-zapalkuntzaren salaketaren alde borrokan aritu ziren lehen talde feministak sortu zirenean.

1857ko martxoaren 8an, New Yorkeko (AEB) ehungintza industriako langileek, “garment workers” izenekoek,  protesta bat antolatu zuten lan baldintza prekarioen eta soldata txikien aurka borrokatzeko. Emakumeen eskubideak aitortzeko lehen manifestazio handia izan zen.

Era berean, 1908ko martxoaren 8an, New Yorken, 1857ko lehen manifestazio horren gomutan, 15.000 emakumek parte hartu zuten beste mobilizazio batean, “Ogia eta arrosak” leloaren ildotik, botoa emateko eskubidea eta soldata hobea eskuratzea, lan-ordutegia murriztea eta umeek egiten zuten lana desagerraraztea helburu zituena.

Era berean, 1911ko martxoan, hilaren 25ean, 140 langile gazte -gehien-gehienak etorkin italiarrak eta juduak- baino gehiago hil ziren New Yorkeko Triangle Shirtwaist ehun-fabrikako sute handian. Gertakari horrek sekulako eragina izan zuen Estatu Batuetako lan-legerian, eta Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondoko ekitaldietan, hondamendia sorrarazi zuten lan-baldintzak aipatu ziren.

Gertakari horiek guztiek aurrekaria ezarri zuten hurrengo urteetan hainbat herrialdetako milaka emakume kalera atera eta euren eskubideak aldarrikatzeko.

Estatu Batuetan, 1909ko otsailaren 28an, lehen aldiz aldarrikatu zen Emakumearen Egun Nazionala. Europan, 1911ko martxoaren 19an izan zen Alemanian, Danimarkan eta Suitzan Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Espainiako Estatuan, berriz, Emakumearen lehen Nazioarteko Eguna 1936an egin zen, Dolores Ibarruri “Pasionaria” buru zela.

1975ean, Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8a izendatu zuen Emakumearen Eskubideen eta Nazioarteko Bakearen aldeko Nazioarteko Eguna.

Oraindik ere desparekotasun nabarmenak daude gizonen eta emakumeen artean eta, horregatik, eta generoari lotutako auzi batzuk, hala nola soldata-arrakala, genero-indarkeria eta kontziliazio-mentsak gizarte-lehentasunak izan behar dira eskubide eta askatasunen erabateko berdintasuna lortzeko.