Efemeridea 2026ko ekainaren 25a

1937ko ekainaren 25a: Esteban Urkiaga Lauaxeta olerkaria erail zuten matxinatuek Gasteizen

Gernikako bonbardaketatik egun gutxi batzuetara harrapatu zuten, Eusko Gudarosteko prentsa-arduradun zela, Gernikako txikizioa atzerriko kazetari bati erakusten ari zitzaionean.

Esteban Urkiaga \ Esteban Urkiaga "Lauaxeta".

Poeta eta XX. mendearen hasierako Euskal Pizkundearen ikurretako bat izan zen Lauaxeta; Gerra Zibilean Eusko Gudarosteko komandantearen maila zeukan eta, Gudari aldizkaria zuzendurik, gudarostearen komunikazioa eta propaganda antolatzeaz arduratzen zen. Juan Ajuriaguerrak aginduta, Gernikara joan zen apirilaren 29an, La Petite Gironde frantses egunkariko kazetari bati alemanek eta italiarrek hil horren 26an egindako bonbardaketaren suntsipena bertatik bertara erakusteko asmoz. Frankistek han harrapatu eta Gasteizera eraman zuten. Gasteizen bertan, Santa Isabel hilerrian kondenatu eta fusilatu zuten ekainaren 25eko goizean.

Polixene Trabuduak ez zuen inoiz ahaztu, halako batean, frontera zihoala, Urkiagak kamioi baten gainetik esan zion adorezko agurra: «Batean baizik ez gara hiltzen, Polixene!». Ziegan, erail baino lehenago, honako hau idatzi zuen: «Euzko abertzalea naizelako erailko naute, zoribako herri hau pasioz maite dudalako. Jaungoikoaren ontasuna lagun, egiatan espero dut egunen batean lortuko dela gizajo honek bere garaian ikusteko irrikaz egon zena».

2025eko abenduaren 27an, DEIA egunkarian argitaratutako Andres Urrutiaren «Lauaxeta y su red cultural en euskera (1931-1937)» izeneko artikulua erantsi diogu urtemugari.

https://www.sabinoarana.eus/storage/report/es/lauaxeta-y-su-red-cultural-en-euskera-1931-1937.pdf