Efemeridea 2025ko irailaren 8a

Begoñako Andre Mariaren koroatzearen 125. urteurrena

Ekitaldia gaurkoa lako egun batean egin zen, 1900eko irailaren 8an, Gasteizko gotzain Ramon Fernandez Pierolak buru jardun zuen meza nagusi batean, hamar gotzain eta herriko agintari zibilekin batera.

Begoñako Andre Mariaren koroatzearen oliozko mihisea, Jose Etxenagusia Errazkin euskal margolariaren lana, Begoñako basilikan bertan ikus daitekeena. Begoñako Andre Mariaren koroatzearen oliozko mihisea, Jose Etxenagusia Errazkin euskal margolariaren lana, Begoñako basilikan bertan ikus daitekeena.

Gaurkoa lako egun batean, 1900eko irailaren 8an, Begoñako Ama Birjinaren koroatzea izan zen. Urte hartan, Bilbok uriaren titulua eskuratu zueneko seigarren mendeurrena ospatu zen. Handik denbora laburrera, 1903ko apirilaren 21ean, Errituen Kongregazio Santuak Begoñako «Amatxu» izendatu zuen Bizkaiko zaindari.

Begoñako Andre Maria eta berari eskainitako santutegiak berebiziko garrantzia izan dute beti bizkaitarrentzat. Gerrak ekarritako gorabehera latzek ere ez zuten haren erakarpena eta indarra moteldu.

2012ko abuztuaren 11n, Jesus Garitaonandia (G.B.) Begoñako basilikako abade nagusi  izandakoak Historias vascas sailean argitaratutako erreportajea ekarri dugu gaur gogora. Erreportaje horretan, Garitaonandiak azaldu zigun, Gerra Zibilean, Fortunato Untzuetak, Begoñako parrokiako arduradunak eta Eliodoro de la Torrek, Eusko Jaurlaritzako Finantza sailburuak, ekintza arriskutsua burutu zutela Begoñako Ama Birjinaren bitxiak babesteko eta Akitaniako Tolosako banku batean gordetzeko helburuz. Balentria hori lapurreta izan zelakoan «mozorrotu» zuten agintari frankistek.