Prentsa oharra 2026ko urtarrilaren 25a

Sabino Arana Sariak 2025: Euskadi indartzen duten balioak

  • Sabino Arana Fundazioak Sabino Arana Sarien XXXVII. edizioa egin du gaur, urtarrilak 25 dituela, Bilboko Arriaga Antzokian. Bertan, Eduardo Anituak, Bera Bera Eskubaloiak, Etxeondok, UNRWAk, Enrike Zelaiak eta Juan Mª Atutxak jaso dute saria.
  • Imanol Pradales Lehendakariak buru jardun duela, euskal erakundeetako eta gizarte- nahiz kultura-esparruetako ordezkari ugari izan dira ekitaldian.
Sabino Arana Sariak 2025: Euskadi indartzen duten balioak Sabino Arana Sariak 2025: Euskadi indartzen duten balioak

Sabino Arana Sarien XXXVII. edizioa egin da gaur eguerdian, Bilboko Arriaga Antzokian. Sabino Arana Fundazioak urtero-urtero egiten duen ekitaldi honetan, gizarteari eskainitako zerbitzuagatik, Euskadirekiko konpromisoagatik eta, besteak beste, bizikidetzaren, berdintasunaren, bakearen eta aurrerapen partekatuaren defentsagatik nabarmendu diren pertsona eta erakundeei gorazarre egiten zaie.

Edizio honetan, ondokoak izan dira saridunak: Eduardo Anitua mediku eta ikertzaile gasteiztarra; Bera Bera Eskubaloia taldea, emakumezkoen eskubaloiaren erreferentea; Etxeondo ehungintza-enpresa; Ekialde Hurbileko Palestinako Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia (UNRWA); Enrike Zelaia musikari eta folklorista; eta Juan Mª Atutxa Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohia.

Imanol Pradales Lehendakariak jardun du buru ekitaldian, eta Euskadiko politika, erakunde, kultura, unibertsitate eta gizarte arloetako agintari eta ordezkari ugari izan dira bertan. Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak banatu ditu sariak, Fundazioaren Patronatuko kideek lagundurik.

 

«Euskadi irekia, solidarioa eta konprometitua»

Ekitaldi-hasierako saioan, Arantxa Tapiak azpimarratu du Sabino Arana Sariek «oso bestelakoak diren ibilbideak aitortzen dituzten arren, hari berak josten dituela guztiak: gizarteari eskainitako zerbitzua eta Euskadirekiko konpromisoa». Sabino Arana Goiriren jaiotegunaren (1865-01-26) urteurrena gogoratzeko gaurko ekitaldi honetan, Fundazioaren presidenteak «berezko nortasuna duen Euskadi anitz eta kohesionatua» aldarrikatu du, «munduari zabalik dagoena, solidarioa eta bakearen nahiz gizarte-justiziaren aldeko konpromiso sendoa darabilena», «eguneroko lan, ahalegin eta erantzukizun partekatuz eraikitzen den nazioa».

Tapiak nabarmendu duenez, saritutako pertsonek eta erakundeek «sustraiak galdu gabe aurrera egiten duen benetako eta eguneroko Euskadi hori hezurmamitzen dute».

Zientzia, kirola, enpresa, kultura, giza eskubideka eta zerbitzu publikoa

Eduardo Anitua doktorea izan da agertokira igotzen lehena, eta adierazi du bere ibilbide zientifikoak funtsezko galdera bat izan duela gidari beti: «zelan hobetu biologiak muga jakin bat jarri omen dien pertsonen bizitza?». Ikertzaileak ohitura osasungarriek eta osasunaren zaintzan norbanakoaren nahiz gu guztion erantzukizunak duten garrantzia aldarrikatu du, hauxe gogoraraziz: «geure burua zaintzea ez norberekoikeriazko ekintza, eskuzabaltasunez beteriko erabakia baizik».

Kirol-arloari gagozkiola, Bera Bera Eskubaloia (super amara Bera Bera) taldeak arreta jarri du kirol-proiektua tituluetatik haratago funtsatzen duten balioetan. Tatiana Garmendia eskubaloi-saileko arduradunak azpimarratu duenez, kluba «ezagunagoa da gauzak egiten dituen moduagatik lortu dituen tituluengatik baino gehiago» eta talde-lana, konpromiso kolektiboa eta aukera-berdintasuna nabarmendu ditu. Beste alde batetik, Alba Menendez kapitain ohiak adierazi du Bera Beran aritzea «bizitzako eskola» izan dela, kirolaz haratago ikasbidea.

Etxeondo enpresak, Mª Jesus Uranga eta Paco Rodrigo sortzaileek eta familiaren bigarren belaunaldiko kideek, Amaia eta Patxi Rodrigo seme-alabek, ordezkatuta, industria ulertzeko modu jatorra aldarrikatu du, sustraietan, kalitatean eta ondo egindako lanean oinarritua. «Aintzatespen hau ez da helmuga, egindako bidearen balioaren aitorpena baizik», adierazi dute; orobat, tokiko ekoizpenaren eta bertako balioekiko leiala den berrikuntzaren aldeko konpromisoa berretsi du familiak.

Beste alde batetik, Raquel Martik, UNRWA Espainiako zuzendari exekutiboak, esker ona erakutsi du sariagatik «babes eta erresistentzia keinua» delakoan, berealdiko larritasun humanitarioa dakarren ingurumari batean. Agentziako taldeek Gazan eta UNRWAk lan egiten duen gainerako lurraldeetan egunero-egunero egiten duten lana gogorarazi du Martik, «giza duintasuna defendatzea ezin negoziatuzko ekintza dela» azpimarratuta.

Kultura arloan, Enrike Zelaiak jaso du saria, akordeoia edo soinua lagun eta herri-musika bidelagun, euskal nortasuna berreskuratu, sortu eta zabaltzeari eskainitako bizitzagatik. Aitorpenagatik eskerrak emanda, musika-emanaldi laburra eskaini du eta ikus-entzuleek luzaroan txalotu dute.

Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetakoa Juan Mª Atutxaren ahotik etorri da; Atutxak gizarte-garrantzi handiko hitzaldi zirraragarria eman du. Erakundeetan egindako ibilbidean lagun izan dituen pertsona guztiekin partekatu nahi izan du saria eta, bereziki, indarkeriaren urte gogorrenetan, bere segurtasuna bermatu zutenekin. Atutxak memoria, bizikidetza demokratikoa eta «polarizazioari demokrazia gehiagoz eta hobeaz aurre egiteko» beharra defendatu du. Azkenik, gogora ekarri nahi izan du bizitza osoan alboan izan duen Begoña Zalduegi emaztea, 2023an hil zena, «emakume aparta izan zen Begoñaren itzalpean, hainbeste hobetu zelako gaur argi hauen azpian ikusten duzuen gizon hau».

«Eskerrik asko osatzen dugun familiari, gorrotoz beteriko begiradak maitasunez leuntzeagatik, inoiz lasai lo egin ezingo dutenen miseriak ahatzaraziagatik. Eskerrik asko pizgarria, bihotza, testigantza eta, funtsean, bete-betean asmatu nuelako ziurtasuna izateagatik», adierazi du Juan Mª Atutxak.

Ekitaldiaren amaieran, Imanol Pradales Lehendakaria eta Aitor Esteban EAJ alderdiaren EBBko presidentea agertokira igo dira saridunak agurtzera.

Andoni Calvo Murillo kazetariak gidatu du ekitaldia, eta Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek musikaz girotu dute.