Prentsa oharra • 2026ko azaroaren 18a
Artxibo historikoak, memoria kolektiboaren euskarri materiala eta eskubideen eta demokraziaren bermea inpunitatearen aurrean
- 70 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak antolatutako jardunaldian. Lau euskal dokumentu-erakundetako ordezkariak eta memoria-elkarte bat bildu dira mintegira, memoria historikoa eta familiena berreskuratzeari lotutako zereginak jorratzeko.
"90 urte geroago: Gure historia berreskuratzen laguntzen diguten artxiboak. Oroimena, egia eta tresna berriak iraganaren bila dabiltzanen zerbitzura" mintegiaren hizlariak.
Sabino Arana Fundazioak «90 urte geroago: Gure historia berreskuratzen laguntzen diguten artxiboak. Oroimena, egia eta tresna berriak iraganaren bila dabiltzanen zerbitzura» topaldian, 70 ikertzailetik gora izan dira: artxiboetako profesionalak, memoria-elkarteetako ordezkariak eta Gerra Zibilean eta gerraostean desagertutako senideei buruzko informazioa bilatzen jarraitzen duten norbanakoak.
Jardunaldia bat dator Euskadin Gerra Zibila piztu zeneko 90. urteurrenarekin, eta agerian jarri du artxiboek berebiziko eginkizuna dutela memoria historikoa berreskuratzen, jagoten eta zabaltzen. Lan hori dokumentuen zaintzaz harago doa, eta funtsezko tresna da egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko eta zigorgabetasuna saihesteko bidean. Tresna guztiz demokratikoa da, dokumentazioa eskuratzea herritar guztien eskubidea baita.
Topaketaren hasieran, Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak hartu dute parte. Tapiak artxiboek edo agiritegiek funtsen antolaketan eta deskribapenean egiten duten lanari balioa ematearen garrantzia azpimarratu du, baita herritarrei ematen dieten zerbitzuari ere, informazioa Interneteko datu-baseen, dokumentu digitalizatuen, bilatzaileen eta adimen artifizialeko tresna berrien bidez eskuratzea erraztuta.
Sabino Arana Fundazioaren presidenteak azpimarratu du, halaber, familiaren historia bat edo beste edozein motatako historia bat berreraikitzeko, askotan, hainbat erakundetatik eta artxibo-funtsetatik datozen dokumentuak uztartu behar direla. Ildo horretan, jardunaldian parte hartzen duten lau erakundeen osagarritasuna jarri du adibide gisa. Erakunde horien funtsek aukera ematen dute gerra, erbestea eta errepresioa pairatu zutenen ibilbide pertsonal eta familiarrak hainbat ikuspegitatik jorratzeko.
Bestalde, Urkiri Salaberriak historiak duen garrantzia azpimarratu du, nor garen, orainaldira nola iritsi garen eta gizarte gisa landu behar ditugun erronkak zein diren ulertzeko funtsezko tresna gisa. Ildo horretan, azpimarratu du euskal autogobernu garaikidea ezin dela erabat ulertu aurretik egon diren prozesu historikoak ezagutu gabe, foruen eta karlistaldien ibilbidetik hasi eta 1936 eta 1979ko estatutuetaraino. Era berean, historiaren ikerketa aldarrikatu du pentsamendu kritikoa sustatzeko, iturriak kontrastatzeko eta gertaeren konplexutasuna ulertzeko bide gisa. Gaitasun hori bereziki beharrezkoa da informazioaren ugaritasuna ohiko den gure gizartean.
Era berean, artxiboek garrantzi handiko kultura-ondaretzat eta iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko loturatzat duten balioa azpimarratu du. Dokumentu-funtsek komunitate baten jarduera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalaren aztarna babesteko modua ematen dute, baita metatutako ezagutza eta memoria etorkizuneko belaunaldiei transmititzekoa ere. Horregatik, artxiboak babestea, antolatzea eta zabaltzea betebehar tekniko eta administratiboa izateaz gain, erantzukizun kultural eta demokratikoa ere badela aldeztu du, funtsezkoa baita nortasuna babesteko eta gure historia ezagutzeko aukera berma dezagun.
Goizean, Euskadiko Artxibo Historikoaren, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren, Sancho el Sabio Vital Fundazioaren eta Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren ordezkariek erakunde horietako artxiboetan gordetzen diren dokumentu-funtsak, garatzen dituzten antolaketa- eta deskribapen-lanak eta ikertzaileen eta herritarren eskura jartzen dituzten tresnak jorratu dituzte.
Erakundeen lana
Hasteko eta bat, Euskadiko Artxibo Historikoko Josebe Alonsok eta Idoia Martinezek azaldu dute erakunde horrek zer dokumentazio gordetzen duen Euzkadiko Behin-behineko Gobernuari (1936-1979) eta euskal herritarren erbesteratzeari buruz, eta zelan izan daitekeen baliagarri Gerra Zibila ikertzen dutenentzat edo senideei buruzko informazioa bilatzen dutenentzat. Halaber, Dokuklik eta Badator atarietan eskuragarri dauden baliabideak aurkeztu dituzte, baita dokumentu-bilaketak egiteko eskaintzen dituzten aukerak ere.
Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko Ramón Martín Suquía eta Garazi Garaio Ellakuriak, berriz, Gipuzkoako foru-artxiboek dokumentu-funts garaikideak kudeatzeko eta zabaltzeko garatzen duten deskribapen-politika azaldu dute. Bien hitzaldiaren ardatza dokumentuak linean kontsultatzeko sarbide-araubidearen ingurukoa izan da, batik bat, datu pertsonalen babesari lotutako lege-murrizketak direla eta.
Sancho el Sabio Vital Fundazioko Cristina Garetak artxibo pribatuek memoria historikoa osatzeko duten balioari heldu dio. Erakunde horrek euskal dokumentu-ondarea biltzen, jagoten eta digitalizatzen izan duen ibilbidea azaldu du, baita ondare horren familia- eta pertsona-funtsen garrantzia ere, besteak beste, Gerra Zibilari lotutako dokumentazioa, euskal milizianoen idatzizko testigantzak eta erbestealdia pairatu zuten euskal kulturaren arloko pertsona garrantzitsuen artxiboak. Era berean, erakundearen katalogo espezifiko berriak ematen dituen aukerak aurkeztu ditu, ikertzaileek eta herritarrek funts horiek errazago aurkitu eta kontsulta ditzaten.
Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiari doakionez, Eduardo Jauregik nabarmendu du gerrako eta gerraosteko biktimei buruzko informazioaren bilaketaren inguruko kontsulta ugari iristen direla oraindik ere: gudariak, erbestera ebakuatutako haurrak, iheslariak, espetxeratutako emakumeak eta atxilotutako pertsonak, besteak beste. Erakundeak gordetzen dituen dokumentu-funtsen berri eman du, eta agiritegira familiaren iraganari, nortasunari eta familia-historiari buruzko informazio bila joaten direnei arreta pertsonalizatua eta malgua ematearen garrantzia nabarmendu du.
Giza alderdia
Lan horren giza alderdiaren gaineko ikuspegia Teresa Usaola Saibigain 1937 Memoria Historikoaren Elkarteko buruaren eskutik etorri da. Felipe Bediaga, 1937an, Saibigaineko frontean desagertu zen gudarien komandante eta Teresaren osaba zaharraren arrastoa bilatzean izandako esperientzia partekatu du Usaolak. Bere hitzaldiari esker, bertatik bertara ezagutzea izan dugu desagertutako senitarteko baten bila aritzeak dakarren ibilbide nekoso eta garestia, bai eta hainbat artxibo eta dokumentu-zentro kontsultatzean aurki daitezkeen zailtasunak, aurrerapenak eta gabeziak ere.
Teresa Usaolaren lekukotasuna erakundeetako ordezkarien mintzaldien kontrapuntua izan da, eta gogorarazi du kontsulta, dokumentu edo bilaketa bakoitzaren atzean badagoela erantzunak behar dituen pertsona edo familia bat. Ikuspegi horrek artxiboek gizarteari eman behar dioten zerbitzuari buruzko eztabaida aberasten lagundu du.
Topaldiari esker egiaztatu denez, memoria historikoa eta familiena berreskuratzeak behar-beharrezko ditu erakundeen arteko lankidetza, dokumentu-funtsen tratamendu egokia eta funts horiek kontsultatzea eta eskuratzea errazten duten tresnen etengabeko hobekuntza. Zeregin hori oraindik ere beharrezkoa baita Gerra Zibila piztu eta 90 urtera, eta funtsezkoa da egungo eta etorkizuneko belaunaldiek euren historia ezagutzeko aukera izan dezaten.