Prentsa oharra 2026ko otsailaren 2a

"Lauaxeta, ametsen egilea" erakusketa ibiltaria Euskal Abertzaletasunaren Museoan

Bizkaiko Foru Aldundiak babestu eta Jon Kortazar katedradun eta literatur kritikaria komisario duen erakusketa hau Bilbon ikusi ahalko da, martxoaren 12ra arte.

\ "Lauaxeta, ametsen egilea" erakusketa ibiltaria Euskal Abertzaletasunaren Museoan

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak «Lauaxeta, ametsen egilea» erakusketa ibiltaria eskainiko du Bilbon martxoaren 12ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, EAMren lankidetzan, Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal olerkari eta idazlearen jaiotzaren 120. urteurrena gogoratzeko.

Erakusketaren aurkezpenean, Euskal Abertzaletasunaren Museoaren egoitzan (Ibañez de Bilbao 16 [Sabin Etxea]), Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Jon Kortazar katedradun eta literatur kritikariak eta Miren Sorkunde Urkiaga Lauaxetaren ilobetako batek parte hartu dute.

Sabino Arana Fundazioaren presidenteak Lauaxeta poeta eta gudariaren oinarriak nabarmendu ditu: «Euskadiren eta euskal erakundeen defentsarekin erabat engaiatuta zegoen, eta haren eraiketak duintasunaren, kulturaren eta erresistentziaren ikur bihurtu zuen, olerkariaren ahotsa isilarazteko ahaleginaren gainetik».

«Lauaxeta jaio eta 120 urtera, olerkariaren aldarriak zutik dirau gaur egun», adierazi du Arantxa Tapiak. «Lauaxetaren bizitzak eta lanak gogorarazten digute euskal kultura konpromisoan, sormenean eta gure hizkuntzaren nahiz gure memoria kolektiboaren defentsan funtsaturik eraiki dela», azpimarratu du.

Beste alde batetik, Leixuri Arrizabalagak honela definitu du bizkaitar olerkaria: «bizi izan zen garaiko pertsona oso berezia izan zen Lauaxeta: euskalduna, euskaltzalea, abertzalea, jeltzalea, kristaua, kazetaria, askatasunaren eta egiaren maitalea, europazalea eta demokrata».

Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak adierazi duenez, «Lauaxeta ezagutzeko modua ematen digun erakusketa hau memoria historikoari lotutako saio bat ere bada, eta nor garen eta nondik gatozen gogoratzeko aukera ematen digu».

Jon Kortazar katedradun eta literatur kritikariak aurkeztu du erakusketa. 10 panelek osatzen dute, eta Lauaxetaren biografiaren mugarri nagusiak ezagutzeko ikusizko eta kontakizunezko ibilbide eskaintzen digute. Hala, panel bakoitzak Lauaxetaren ‘amets’ handietako bat ekartzen du gogora: haurtzaroa, jas poetikoa, militantzia kulturala, konpromiso politikoa, aberriaren esnatzea... gerraren zoritxarra etorri eta, 1937an, hil zuten arte.

Panelez gain, orain dela gutxi berreskuratutako dokumentu argitaragabeak eta bestelako materialak daude ikusgai erakusketan, hala nola Leizaola Lehendakariaren testigantza, kartzelan sartu zuteneko erregistroa edo, 1938an, Bartzelonan erbestean zeuden euskal idazleen eskutik jaso zuen omenaldiaren lekukotasuna. Proiektu hau bultzatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta eta bere ondare literario eta politikoa balioetsi nahi ditu, eta erakundeen konpromisoa berretsi nahi du memoria historikoaren eta euskal kulturaren hedapenaren alde.

Lauaxetaren iloba Miren Sorkunde Urkiagak ere parte hartu du erakusketaren aurkezpenean. Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara, eta asteazkenetan, 10:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da.