Prentsa oharra 2025ko ekainaren 10a

Lurralde-ikuspegiak garapenerako finantzaketa sustatzen du

  • Sébastien Vauzelle, NBEren 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzako zuzendariak azpimarratu du finantzaketa gehiago bideratu behar dela tokiko eremura (hiriak eta eskualdeak), garapen iraunkorrean nabarmen aurrera egin dezagun.
  • Eusko Jaurlaritzako eLankidetzako zuzendari Javier Cortésekin batera, Sabino Arana Fundazioak antolatu duen «Garapena finantzatzea tokiko/lurraldeko ikuspegiz. Sevillako 2025eko Goi-bileraren estatuz azpiko dimentsioa» izeneko mintegian parte hartu du.
\ "Tokiko/lurraldeko ikuspegia darabilen garapenerako finantzaketa. 2025eko Sevillako goi-bileraren estatuz beherako dimentsioa" mintegian partehartzaileak.

Sébastien Vauzelle, Garapen Iraunkorreko Helburuetan interesa duten tokiko alderdien interesdunen parte-hartzea bultzatzen duen Nazio Batuen Erakundearen 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzako zuzendariak eta Javier Cortés eLankidetza-Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak garapenaren finantzaketa tokian tokitik sustatzeko ahaleginak aztertu dituzte gaur. Sabino Arana Fundazioak antolatu du topaldia, «Garapenerako finantzaketa tokiko/lurraldeko ikuspegiz. Sevillako 2025eko Goi-bileraren estatuz azpiko dimentsioa» izenburuaren ildoan, garapenerako nazioarteko lankidetzan esperientzia duten profesionalek, lankidetza-agentzia eta -erakundeetako arduradunek, unibertsitateko irakasleek eta abarrek parte hartu dute jardunaldian.

Mintegiaren helburua ekainaren 30etik uztailaren 3ra Sevillan egingo den Garapenerako Finantzaketaren IV. Goi Bileran jorratuko diren proposamenetako batzuk aurkeztea izan da, garapenaren agendaren eta bere finantzaketaren erronketan estatuz azpiko eragileek egiten duten ekarpena kontuan har dadin.

Sébastien Vauzellek adierazi duenez, «egungo egoera globalean, krisi anitz eta elkarlotuak ezaugarri dituena, irtenbide bakarrak eta makroekonomikoak ezin dira izan, ez erantzun biribilak, ez garapen iraunkorreko ereduaren oinarriak». 2030 Tokiko Koalizioko Idazkaritzako zuzendariaren arabera, «kontratu soziala tokian bertan gauzatzen da –hirietan eta eskualdeetan–, bakea eta demokrazia han eraikitzen dira, lanpostuak sortzen dira, zerbitzuak ematen dira, ekintza klimatikoa hedatzen da, talde batzuek giza eskubideak oztopatzen dituzten oztopoei aurre egin behar diete bertan... Azken batean, garapen iraunkorra hor gertatuko da a la ez da gertatuko».

Horregatik, Vauzellek «finantzaketa tokiko esparrutik areago bideratzearen» aldeko apustua egin du, horrek «gizakien bizitzan eragin handiagoa izango duelako eta garapen iraunkorrean nabarmen aurrera egiteko beharrezkoa den eraldaketa sistemikoari eragingo diolako».

Nazio Batuen aholkulari politikoaren arabera, «tokiko irtenbide batzuek euren botere eraldatzailea erakutsi dute munduko hainbat lekutan: herritarren jabekuntza eta ahalduntzea ziurtatzen dute, berrikuntzarako tokiko ahalmen instituzionalak sortzen dituzte, maila anitzeko zerga-sistemak bultzatzeko esparru arautzaile nazionalak eta tokikoak hobetzen dituzte... Eta garapen jasangarriaren ildoko eraldaketa bizkortzen duten ekimen eta aliantzekin ezkontzen dira».

Azkenik, Vauzellek finantzak rokikotzeko bide oparoenetako batzuk aurkeztu ditu. Ildo horretan, Sevillako 2025eko Goi-bilera prestatzerakoan, «2030 Tokiko Koalizioak munduko toki guztietako mila erakunderen baino gehiagoren parte-hartzea erraztu du, garapenerako tokiko finantzaketa-irtenbideak sustatuz, gobernuen arteko negoziazioetan eragiteko eta goi-bileraren osteko ezarpena prestatzeko xedez», azaldu du.

«Prozesuan oinarrituta, eta horren atal delarik, Euskadiko lankidetzak eta 2030 Tokio Koalizioak elkarrekin antolatu zuten ‘Bilbao Design Sprint’, hau da, hiru eguneko lan-saio bat, mundu osoko zortzi herrialde ekarrita, finantzaketaren lokalizazioaren ikuspegia gidatzeko, garapen jasangarriko euskal ‘ereduan’ oinarritutako bi tresnaren bidez: Bilbao Blueprint eta Lokalizazio Markatzailea», azaldu du; azkenik, labur-labur aurkeztu ditu tresnok.

 Pertsonak erdigunean

Beste alde batetik, Javier Cortések adierazi duenez, «garapen iraunkorraren erronkei ikuspegi zabaletik heldu behar zaie, aberastasuna dimentsio ekonomiko-finantzario bakarrean eta epe laburreko etekinaren arabera neurtzen duen hazkunde-eredu baten harira, definizio horretan gizarte- eta ingurumen-dimentsioa txertatzen duen eta etika eta pertsonak erdigunean jartzen dituen eredu baterantz bilakatuta».

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariaren arabera, «ezaugarri horiek (soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa eta kulturala) dituen trantsizio sistemikoa lantzeko, beharrezkoa da, aldi berean, herritarren errotze-sena aktibatzea». Ildo horretan, azpimarratu duenez, «beharrezkoa da aliantzetarako prestatzea, lankidetzazko gobernantzarako eta lurraldea epe luzeko garapen iraunkorrerantz eraldatzeko politikak, estrategiak, planak eta proiektuak batera sortuko baditugu».

Cortésen esanetan, erronka da «Garapen Jasangarrirako Helburu globalak ez ezik, garapenaren finantzaketa tokikotzea lurraldeetako prozesu eta proiektu eraldatzaileekin lerrotzeko». «Euskadin, Lankidetza Deszentralizatuak daukan erronka nagusia da finantza-baliabideak mobilizatzko modua Hego Globaleko lurraldeetara bideratzeko; giza garapen iraunkorreko epe luzeko prozesuak eta inpaktu-proiektuak sustatzeko era, eta, aldi berean, finantzaketa mobilizatzen asmatzea lurralde horietan finantza-eragiketen arriskua murrizteko aukera ematen duten tresnak baliatuz», esanda amaitu du hitzaldia.