Prentsa oharra 2026ko urtarrilaren 13a

Eduardo Anitua, Enrike Zelaia, Bera Bera Eskubaloia, Etxeondo, UNRWA eta Juan Mª Atutxa, 2025eko Sabino Arana Sariak

  • Sabino Arana Fundazioak kultur ekitaldi honen XXXVII. edizioa egingo du urtarrilaren 25ean, igandearekin, eguerdiko 12etan, Bilboko Arriaga Antzokian.
  • Sei saridun berriak aurreko 36 edizioetan saridun izan diren 209 lagun eta erakundeei gehituko zaizkie.
  • Ekitaldia streaming bidez ere emango da zuzenean, Sabino Arana Fundazioaren webgunearen barruan (www.sabinoarana.eus).
Arantxa Tapia eta Ignacio Etxeberria, 2025eko Sabino Arana Sarien aurkezpenean. Arantxa Tapia eta Ignacio Etxeberria, 2025eko Sabino Arana Sarien aurkezpenean.

Eduardo Anitua mediku, ikertzaile eta zientzialari gasteiztarrak; Enrike Zelaia musikari, musikagile eta folkloristak; Bera Bera Eskubaloiak; Etxeondo enpresak; Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA); eta Juan Mª Atutxak jasoko dute 2025eko Sabino Arana Saria urtarrilaren 25ean, 12:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian egingo den ekitaldian.

Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta Ignacio Etxeberria Fundazioaren idazkariak XXXVII. edizioko saridunen merezimenduak azaldu dituzte gaur eguerdian. Sei saridun berriak sariak ematen hasi zenetik, hau da, 1989tik, saridun izan diren 209 lagun eta erakundeei gehituko zaizkie.

Sabino Arana sariak urtero ematen dira, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari hauek emanda, gizartearen alde eginiko lan eta gaitasunagatik nabarmendu diren pertsona, erakunde edo kolektibo ospetsuak aintzatesten ditu Fundazioak.

Sabino Arana Fundazioak Eduardo Anitua doktorearen ibilbide bikaina nabarmendu eta goretsi nahi du, «munduko erreferente esanguratsuenetakoa delako ahoko inplantologian eta medikuntza birsortzailean», azpimarratu du Tapiak.

Stanford Unibertsitateak gertatzen duen Ranking of the World Scientists zerrenda sonatuak bermatzen du Anituaren nazioarteko ospea. Izan ere, zerrenda horren arabera, munduan gehien aipatzen diren eta eragin handiena duten zientzialarien % 2ren artean dago; gainera, munduko odontologo garrantzitsuenetako bat da. Beste alde batetik, «Gasteizen egoitza daukan BTI Biotechnology Institute erakundearen sortzaile eta zuzendari zientifikoa da. Anitua doktorearen ikerkuntzarekiko konpromisoak zientziaren berrikuntza eta ikusgarritasuna bultzatu ditu, bai Euskadin, bai Estatuan», nabarmendu du Fundazioaren presidenteak.

Sari hau emanda, Sabino Arana Fundazioak eskerrak eman nahi dizkio doktore gasteiztarrari «aurrerapen zientifikoan egindako ekarpenagatik eta komunitatearekiko loturagatik, lana Euskaditik garatuz eta euskal lurraldearen izena bioteknologia globalaren maila gorenera igoz».

Enrike Zelaia musikari, konpositore eta folklorista nekaezina ere omendu nahi du Sabino Arana Fundazioak , «soinu-musikaren eta -kulturaren bitartez euskal nortasuna ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen egindako lan oparo eta funtsezkoagatik. Enrikeren bizitza etengabeko konpromisoa izan da berezko tradizio eta balio kulturalak biziberritzeko ikerlanean», nabarmendu du Arantxa Tapiak.

«Zelaiak ekarpen bikoitza egin digu: identitarioa —eragile nagusia izan da Altsasuko inauteriak berreskuratzen eta hango momotxorroak nazioartekotzen— eta musikala, hauspo edo eskusoinu herrikoiaren aurrekaririk gabeko errepertorio musikala sortu, duindu eta zabaldu duelako, kasurako, Zazpiak Bat antologiaren bidez. Nafarroatik garatutako lana da zutarria, komunitateak parte hartzeko estrategia berritzaileetan oinarritua», adierazi du Tapiak.

Emakumezkoen eskubaloiaren ispilu

Datorren urtarrilaren 25ean, Sabino Arana Fundazioak Bera Bera Eskubaloiari emango dio saria «emakumezkoen kirol-talde horrek izan duen ibilbide bikainagatik».

«Donostian, 1983an, sortu zenetik, emakumezkoen eskubaloiaren erreferentea izan da Bera Bera Eskubaloia eta palmares paregabea du klubak —9 liga, 8 kopa eta 10 superkopa—,  Donostiaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren irudia bultzatu du nazioarteko kirol-esparruan, eta gainera, emakumezkoen eskubaloiaren inguruko zaletasun sendoa erein», azpimarratu du Tapiak.

Bestalde, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak taldearen konpromisoa nabarmendu du «balio etikoak lantzeko, hala nola prestakuntza, aukera-berdintasuna, esfortzua, diziplina eta talde-lana lantzeko». Horregatik guztiagatik, «Bera Bera eredu bilakatu da kirolarien belaunaldi berrientzat eta funtsezko eragilea da gure emakumeen kirola ikusarazten Euskadin».

Era berean, Sabino Arana Fundazioak gorazarre egin nahi dio Etxeondori, 1976. urtetik ehungintzako jakintza eta txirrindularitzarekiko grina uztartu dituen enpresa gipuzkoarrari, gaur egun goi-mailako kirol-modaren nazioarteko erreferente delarik. «Etxeondoren ibilbide eredugarria, kalitatean, etengabeko berrikuntzan eta jantzi bakoitzaren artisau-zaintzan oinarritua, lagungarria izan da kirola duintzen eta euskal industria mundura hedatzen», adierazi du Tapiak.

«Etxeondok gure enpresa-tradizioan sakon errotutako balioak irudikatzen ditu, hala nola bikaintasuna, zintzotasuna, ahalegina eta lurraldearekiko konpromisoa, eta horiek guztiek enpresa eredugarri bilakatu eta bilakatzen dute Etxeondo. Horregatik guztiagatik, Sabino Arana Fundazioak Etxeondoren ekarria aitortu nahi du eta txirrindularitzari eta Euskal Herriari eskainitako mende erdia omendu», gaineratu du.

Beste alde batetik, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) Sabino Arana Saria merezi du «1949. urtean sortu zenetik justiziaren, bakearen eta giza eskubideen defentsaren alde izan duen konpromiso errimeagatik». «Erakundearen  funtsezko eginkizuna, hau da, milioika iheslari palestinarren hezkuntza, osasuna eta babesa bermatzea, guztiz bat dator euskal abertzaletasunaren tradizio humanista, solidario eta demokratikoarekin. Sari honek agerian jarri nahi du gatazken konponbide baketsuaren aldeko euskal apustua, bai eta herriek, kasu honetan, palestinar herriak, duintasunez bizitzeko eta palestinarren etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea ere», azpimarratu du. Gainera, Euskadik gogotik hedatzen du nazioarteko elkartasuna UNRWA-Euskadi antolakundearen bitartez, ekarpen ekonomikoak eta teknikoak eginda. «UNRWA aintzatestea, batik bat, Gazako berealdiko krisi humanitarioaren inguruabarrean, Euskadik mundu bidezkoagoa, aurrerakoiagoa eta solidarioagoa eraikitzeko daukan bokazioa berrestea da, bokazio hori garrantzi handiko keinu politiko eta etiko bihurtuz», azaldu du Tapiak.

Adorez eta konpromisoz beteriko ondarea

Azkenik, Juan Mª Atutxak Euskadiren alde egindako lana eta dedikazioa goretsi nahi ditu Fundazioak .

«Ibilbide instituzional bikainagatik, indarkeria garaian erakutsi zuen kemenagatik, bizikidetza demokratikoaren aldeko apustuagatik eta Sabino Arana Fundazioan buru-belarri aritu izanagatik, Juan Mª Atutxak hobeto ezinean barruratzen ditu Sabino Arana Sariari darizkion balioak: euskal nortasuna, zerbitzu publikoa, ausardia, konpromisoa eta bakegintzarako ahalegina. Juan Marik bere ibilbide oparoan izan duen jarrera, eta, bereziki, Eusko Legebiltzarreko lehendakaritzatik izan zuena, gizalegezko adorearen eta uste demokratiko sendoen erakusgarri aparta da», azpimarratu du Fundazioaren presidenteak.

Hala berean, Juan Mari Atutxa hizpide hartuta, Arantxa Tapiak nabarmendu du «zerbitzu publikoari eskainitako bizitza, Euskadiren alde gogotik egindako lana, bizikidetza demokratikoaren defentsa, erakutsitako osotasuna eta gure herrian utzi duen arrasto morala».

«Honako hau ez da Juan Mari Atutxari egindako omenaldi hutsa, euskal erakundeak eta bizikidetza indartzen lagundu duen ondare petoari egindako omenaldia baizik. Orobat, aitorpen zintzoa da Euskadi osotasunetik, gogoetatik eta konpromiso kolektibotik defendatu duten guztientzat», adierazi du Arantxa Tapiak.

Sabino Arana Fundazioko idazkariak, Ignacio Etxeberriak, sarituak aukeratzeko egin ohi den bozketa-prozesua azaldu du. 2025ekoa irailaren 22an hasi zen, lehen itzulian, eta Patronatuak azaroaren 11n egindako bileran bukatu zen, saridunen behin betiko zerrenda berretsita.