Prentsa oharra • 2026ko maiatzaren 28a
Aitor Esteban: “Euskadik badu gaitasuna Europak bere autonomia estrategikoa indartzen laguntzeko”
EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidenteak Sabino Arana Fundazioak antolatu duen «Made in Europe: autonomia estrategikoa eta industria-lehiakortasuna Euskadirentzat» deritzon mintegian parte hartu du.
Hizlariak Arantxa Tapia SAFeko presidentearekin eta Eduardo Araujo zuzendariarekin batera.
Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak «Made in Europe: autonomia estrategikoa eta industria-lehiakortasuna Euskadirentzat» izeneko mintegiairekitzeko ekitaldian izan da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Estebanek nabarmendu duenez, «Euskadik badu gaitasuna Europak bere autonomia estrategikoa indartzen laguntzeko». «Geoestrategiaren ondorioz, mundua aldatu egin dela ikusten da argi eta garbi, eta, beraz, beharrezkoa da herrialdeen autonomia handitzea Txina edo Estatu Batuen aldean. Industria edo Osasuna, esaterako, funtsezkoak dira dema horretan», adierazi du. «Euskal herritar gehienok Europan ikusten dugu gure etorkizuna, eta Europar Batasunaren lidergoari lagundu behar diogu, gure neurri txikian, bada ere», esan du EBBko presidenteak.
Topaldiak Fundazioaren egoitzan bildu ditu erakundeetako ordezkariak, berrikuntzan, industrian eta enpresa-estrategiako adituak, Europako industria-lehiakortasunaren erronkak aztertzeko helburuz, eraldaketa teknologikoak, trantsizio energetikoak eta lehia geopolitiko gero eta handiagoak baldintzatutako testuinguru globalean.
Jardunaldian, Aitor Esteban EAJ alderdiaren EBBko presidenteak, Oihane Agirregoitia eurodiputatuak, Göran Roos suediar irakasle eta industria-lehiakortasunaren inguruko adituak, Ane Insausti zuzendari eta ingeniariak eta Sabin Azua ekonomialari eta aholkulariak hartu dute parte. Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioren presidenteak jardun du hasiera-ekitaldian eta moderatzaile aritu da.
Arantxa Tapiak azpimarratu du «Made in Europe» estrategia aukera bat dela «autonomia estrategikoa eta Europako lehiakortasun industriala indartzeko», eta nabarmendu du Euskadi egoera sendo batetik abiatzen dela, «bertako gaitasun industriala galdu ez delako». Hala ere, ohartarazi du beharrezkoa dela «dibertsifikazioaren alde egitea, I+G+b aplikatuaren eta ondo bideratuaren alde egitea, eta Euskadin zein nazioarteko eragileekin koordinatuta lan egindako nazioarteko posizionamendua aldeztea».
Tapiak azaldu du, gainera, Euskadik gogotik parte hartu behar duela Europako industria-eztabaida handietan, bereziki berrikuntzari, energiari eta balio-kate estrategikoei lotutako eremuetan, Europak «bere burujabetza produktiboa eta teknologikoa indartu nahi duen une honetan».
Bestalde, Oihane Agirregoitiak Europako industria-politika nazioarteko agertoki «gero eta lehiakorrago eta ezegonkorrago» baten aurrean izaten ari den biran mamitu du bere hitzaldia. Eurodiputatuak azaldu duenez, industria «ez da soilik ekonomia, enplegua, berrikuntza, lurralde-kohesioa eta gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna» ere bada.
Agirregoitiak Europaren ekoizpen-ahalmena galtzeko arriskuaz ohartarazi du bere mintzaldian, baita sektore estrategikoetan (bateriak, erdieroaleak, lehengai kritikoak edo teknologia garbiak) hirugarren herrialdeek duten mendekotasunaz ere. Ingurumari horretan, Europak «Made in Europe» delakoaren alde egindako apustua aldarrikatu du, «gaitasun industrialak babestu, ahultasunak murriztu eta Europako autonomia estrategikoa indartzea» helburu duten estrategia gisa.
Era berean, Europako Batzordeak bultzatutako ekimenak nabarmendu ditu, hala nola Lehiakortasunaren Iparrorratza, Clean Industrial Deal izenekoa edo etorkizuneko Industrial Accelerator Act. deritzona, laguntza publikoen eta kontratazio estrategikoaren zati bat Europako eduki industrialeko irizpideekin lotzea helburu izango duena, trantsizio energetiko eta teknologikorako funtsezkoak diren sektoreetan.
Euskadiri doakionez, eurodiputatuak defendatu du gure herrialdea «ez dela hutsetik abiatzen» Europako aro industrial berri honetan, manufaktura-tradizioari, ekosistema teknologikoari eta lankidetza publiko-pribaturako gaitasunari esker, baina azpimarratu du «Euskadiren etorkizun industriala Europaren etorkizun industrialari» lotuta dagoela.
Jarraian, Göran Roos adituak ekonomia globala birdefinitzen ari diren joera industrial eta teknologiko handiak aztertu ditu, bai eta automobilgintzan, energian edo teknologia industrial aurreratuetan Euskadirentzat ireki daitezkeen aukerak ere. Aditu suediarrak bereziki azpimarratu du Europako automobilgintzaren sektorearen eraldaketa eta sektore estrategikoetan berezko industria-gaitasunak indartzeko beharra.
Roosek segurtasuna eta defentsa aipatu ditu datozen urteetan Europarako industria dibertsifikatzeko eremuen artean, baina adierazi du enpresek beraiek balioetsi beharko dutela egoera ekonomiko eta teknologiko berri horretan duten posizionamendua.
Beste alde batetik, Ane Insaustik Euskadiren lehiakortasun-erronkei buruzko ikuspegi praktikoa eta nazioartekoa eskaini du, eta jomuga jarri du mugikortasunaren, baterien edo industriari aplikatutako adimen artifizialaren arloetan arrakastaz garatutako industria-proiektuetan.
Insausti industria lehiakortasuna hobetzeko teknologia berrien ezarpena bizkortzeko beharraz mintzatu da, eta trantsizio energetikoari, digitalizazioari eta balio industrialeko kate berriei lotutako sektore hasiberrietan Euskadirentzat ireki daitezkeen aukerak azpimarratu ditu.
Azkenik, Sabin Azuak gogoeta egin du euskal industria-politikek azken hamarkadetan izan duten bilakaerari buruz eta politika horiek testuinguru global berrira egokitzeko beharrari buruz. Hitzaldian, lehiakortasunaren, absentismoaren edo lan-gatazken inguruko gaiak jorratu ditu, eta historikoki euskal industria-kulturari lotutako balioak berreskuratzeko beharra aldeztu du.
Aurrekoaz gain, Azuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela lehiakortasuna, gizarte-kohesioa eta industria-berrikuntza uztartzeko gai den herrialdearen ikuspegi partekatua indartzea, gero eta zorrotzagoa den nazioarteko inguruabar honetan.
Argazkia-Foto: Oihane Agirregoitia, Arantxa Tapia, Aitor Esteban, Göran Roos, Eduardo Araujo, Ane Insausti eta/y Sabin Azua.