Hedabideentzako deialdia • 2025ko maiatzaren 13a
Sabino Arana Fundazioak garapenerako nazioarteko lankidetzaren hainbat arlo jorratuko ditu hitzaldi ziklo batean eta mintegi batean
Besteak beste, gatazkan dauden herrialdeetako nazioarteko lankidetza, nazioarteko lankidetza feminista edo nazioarteko lankidetza eta giza eskubideak aztertuko dira.

- 2025ko maiatzaren 13a, asteartea
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Lankidetza-politikek mundu osoan, baina bereziki Hegoaldeko herrialdeetan, izan behar duten eginkizunari buruzko eztabaida lantzen laguntzeko, Sabino Arana Fundazioak hitzaldi-ziklo bat eta mintegi bat antolatu ditu. Bertan, Nazio Batuetako agentzietako ordezkariek, zeregin humanitarioa darabilten GKEetako kideek, garapenerako nazioarteko lankidetzarekin engaiatutako beste eragile batzuek, unibertsitateetako irakasleek eta abarrek parte hartuko dute.
Lehenengo hitzaldian, maiatzaren 13an, 19:00etan, gatazkan dauden herrialdeetako nazioarteko lankidetzari buruz hitz egingo da. Indarkeriak eta gerrek izugarri galgatzen dute garapena, ekonomia- eta gizarte-egiturak suntsitzen dituzte eta herritarrek nekez gainditzen dituzten ondorio psikologikoak sorrarazten dituzte. GGKE ugari lanean ari dira Ekialde Ertainean, Sahelen, Afrikako erdialdean eta abarretan, baita ezkutuko edo ikusezin bihurtutako gatazkak gori-gorian dauden beste eskualde batzuetan ere.
Irantzu Mendia UPV/EHUko Hegoa-Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuko zuzendari eta ikertzaileak emango du lehen hitzaldi hori. Mendia euskal unibertsitate-sareko Giza Segurtasunari, Tokiko Giza Garapenari eta Nazioarteko Lankidetzari buruzko Ikerketa Taldeko kidea da. Mendiaren lanak gatazka armatuen ikuspegi feminista, bakearen eraikuntza, justizia trantsizionala eta memoria historikoa jorratzen ditu, eta gai horiek hainbat gatazkatan, hala nola El Salvador, Bosnia-Herzegovina, Kolonbia eta Mendebaldeko Sahara, aztertzen dituzten argitalpenak kaleratu ditu.