Hedabideentzako deialdia • 2026ko uztailaren 27a
Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak euskal humanismo kristauaren indarraz hausnartuko dute gaur egungo erronken aurrean
Mintegiak Jose Antonio Agirre, Jose Maria Arizmendiarrieta, Manuel Irujo eta Karlos Santamariaren ekarria eta pentsamoldea aletuko ditu, euskal gizartearen balizko berrikuntza humanista erdiesteko erreferentetzat hartuta.
Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak euskal humanismo kristauaren indarraz hausnartuko dute gaur egungo erronken aurrean
- 2026ko maiatzaren 27a, asteazkena
- 09:30h -(e)tik 13:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Datorren maiatzaren 27an, asteazkenarekin, «Gerogintzan, euskal humanisten bidetik» deritzon mintegia egingo dute Sabino Arana Fundazioak eta Oreki Fundazioak, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, 9:30etik 13:30era.
Ekimenak euskal humanismo kristauaren lau aurrendariren pentsamendua berreskuratu eta eguneratu nahi du: Jose Antonio Agirre, Jose Maria Arizmendiarrieta, Manuel Irujo eta Karlos Santamaria. Horiek guztiek, gizabanakoekiko fedean oinarrituta, gizakiaren ikuspegi komunitarioa aldeztu zuten, banakoen askatasunak konpromiso kolektiboa eta guztion ona behar dituela ulertuta, erabat garatuko bada.
Mintegian, lau hitzaldi emango dira gure historiako pertsona esanguratsu horiei buruz. Joxan Rekondo analista politiko eta idazlea Jose Antonio Agirre Lehendakariaz mintzatuko zaigu. Bestalde, Patxi Agirrek, EHUko Historia Garaikidean doktoreak, euskal historiako buruzagi jeltzale garrantzitsuenetakoa izan zen Manuel Irujoren ibilbidea jorratuko du.
Era berean, Andoni Eizagirrek, EHUko Filosofiako doktore eta Mondragon Unibertsitateko irakasle titularrak, Jose Maria Arizmendiarrieta euskal kooperatibismoaren bultzatzaile eta Mondragon taldearen sortzailearen pentsamenduan sakonduko du. Azkenik, Xabier Andonegik, Donostiako elizbarrutiko gizarte pastoraltzarako bikario eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko kideak, XX. mendean, Gipuzkoan, kultura eta hezkuntzaren bultzatzaile nabarmena izan zen Karlos Santamariaren ikuspegia azalduko du.
Topaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egingo da, Patxi Juaristi soziologo eta EHUko irakasleak moderatuta. Bertan, lau hizlariek parte hartuko dute eta bertaratutakoen galderei erantzungo diete.
Euskal humanismoaren egoera egun
Antolatzaileen ustez, pandemiak, krisi klimatikoak, migrazio-mugimenduek, gatazka belikoek edo aurrerapen teknologikoak ekarritako dilema etikoen ondorioak bolo-bolo dabiltza nazioarteko egungo ingurumarian eta horrek nabarmen eragiten die gizarte-bizikidetza eta demokraziaren oinarriei. Horiei guztiei beste etsipen eta neke batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola desberdintasuna, desafekzio politikoa, gizarte-ehunaren ahultzea edo krisi existentzial gero eta handiagoak.
Errealitate horren aurrean, erantzunak eraikitzeko beharra aldarrikatuko du mintegiak eremu hurbilenetik eta komunitariotik, pertsonak erdigunean jarriz eta erantzukizun kolektiboan, kontzientzia etikoan eta pertsonenganako konfiantza berreskuratzean oinarritutako «giza garapen integralaren» aldeko apustua eginez.
Lau euskal pentsalari eta humanista handi horien (Agirre, Arizmendiarrieta, Irujo eta Santamaria) legatua dela medio, topaldiak gogoeta bultzatuko du euren ideien indarraz eta egungo euskal gizartean berrikuntza humanista berria sustatzeko aukeraz.