Hedabideentzako deialdia • 2026ko otsailaren 18a
Bi emakume, bidaia bat eta bizitza-ikasbidea: nork bere burua berrasmatzea eta, zoritxarrak zoritxar, bidean aurrera egitea
Euskal Abertzaletasunaren Museoak AITZINDARIAK zikloaren beste hitzaldi bat antolatu du Begoña Aristegi eta Mariú Gámbararen eskutik.
Bi emakume, bidaia bat eta bizitza-ikasbidea: nork bere burua berrasmatzea eta, zoritxarrak zoritxar, bidean aurrera egitea
- 2026ko otsailaren 18a, asteazkena
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Hilaren 18an, asteazkenarekin, arratsaldeko 7etan, ondoko hitzaldia eskainiko da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan: bidean aurrera: nork bere burua berrasmatzea eta bizitzaren erritmoan joatea, Begoña Aristegi eta Mariú Gámbara D’Erricoren eskutik, Euskal Abertzaletasunaren Museoak bultzatzen duen AITZINDARIAK zikloaren barruan.
Hitzaldiak gainditzeko gaitasunari, adiskidetasunari eta barne-indarrari buruzko barru-barruko kontakizun ausarta proposatzen du, bi hizlariak Marokoko basamortua rally berezi batean zeharkatzera eraman zituen esperientzia partekatu batetik abiatuta. Abenturatik harago, eraldaketa pertsonalaren eta bizi-berrespenaren metafora bihurtu zen bidaia.
Benetako bidaia barru-barrukoa da
Etapa pertsonal bat eta bizi-proiektu garrantzitsu bati azkena eman ostean, Begoña Aristegik eta Mariú Gámbarak haraindiko erantzunik ez bilatzea eta hutsunerik ez betetzea erabaki zuten, ezpada, funtsezko zerbait probatzea: geu gara gure bizitzari esangura ematen diegunak, eta, une zailenetan ere, gure esku dago bidean aurrera egiteko gaitasuna.
«Rallya aitzakia bat izan zen, basamortua agertoki egoki bat eta benetako bidaia barru-barrukoa izan zen», azaldu dute hizlariok. Esperientzia hartatik sortu ziren orain publikoarekin partekatu nahi dituzten testigantzak: konplizitatez, adorez eta aurrera begiratuz osatutako istorioa da, adin guztietako emakumeekin bat egiten duena.
Aitzindariak (Emakume apartak) zikloa
Honako hitzaldi hau Emakume apartak zikloaren esparrukoa da. Euskal Abertzaletasunaren Museoaren ekimen honek hainbat eremu eta belaunalditako emakume erreferenteak ikusaraztea du helburu. Emakume horien ahalegin eta ibilbideari esker, tradizioz gizonei lotutako erabilerak, ohiturak eta espazioak eraldatzen lagundu dutelako. Topaldi hauen bidez, Museoak eredugarriak diren emakumeen borroka, grina eta lana balioetsi nahi ditu, lorpen profesionalengatik ez ezik, aurre egiteko, euren burua berrasmatzeko eta bidea urratzeko erakutsi duten gaitasunagatik.
Hizlarien profilak
Begoña Aristegi
Arte Ederretako lizentziaduna, Zaharberritzean espezializatua. Artelanak kontserbatzen eta berreskuratzen jardun du. Barne Diseinuko diplomaduna ere bada, eta espazioen diseinuari eta estetikari buruzko prestakuntza osagarria du.
Mariú Gámbara D’Errico
Hezkuntza Zientzietako lizentziaduna, Psikopedagogian espezializatua. 1989az geroztik, karrerako funtzionarioa da, eta hezkuntza-orientabidearen arloan jarduten du.