Hedabideentzako deialdia 2025ko azaroaren 26a

Gabriela Sagarminaga diseinatzaileak bere sorkuntza partekatuko du Euskal Abertzaletasunaren Museoan

Gazte ekintzaileak bere ibilbidea eta Sagarminaga Atelierrek egiten duen lana aurkeztuko ditu «Gazte ekintzaileak» zikloaren barruan. Asteazkenean, azaroaren 26an, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.

Diseinua, artea eta ogibidea: begirada bat Euskaditik mundura Diseinua, artea eta ogibidea: begirada bat Euskaditik mundura
  • 2025ko azaroaren 26a, asteazkena
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak “Gazte ekintzaileak” zikloaren beste saio bat eskainiko du datorren asteazkenean, azaroak 26 dituela. Ekimen hori sortu da gazteei ahotsa emateko, prestakuntza amaitu ostean, gizarte-eragin nabarmena duten proiektu berritzaileak lagun, esparru profesionalean bidea egiten jakin duteen gazteei, hain zuzen ere. Oraingo honetan, Gabriela Sagarminaga diseinatzaile bizkaitarrak emango du hitzaldia, “Diseinua, artea eta ogibidea: begirada bat Euskaditik mundura” izenburupean.

Ekimenaren helburua gazteen gertuko erreferenteak erakustea da, lan-merkatuan lehen urratsak egiten ari direnen inspirazio-iturri izan daitezkeen benetako ekintzailetza-esperientziak erakutsiz. Esparru horretan, Gabriela Sagarminagak Sagarminaga Atelier hezurmamitu duen ibilbidea azalduko du. Estudio hori Bizkaian dago, eta landare-zuntzak erabiliz lan egiten du, diseinuak, arteak eta artisautzak bat egiten duten piezak eta instalazioak sortuta.

Azelerazio digitala nagusitu zaigun mundu honetan, Sagarminagak lanbidearen, materiaren eta antzinako ezagutzaren garrantzia aldarrikatzen du, gaur egungo elementu esanguratsu gisa. Adibide zehatzen bidez -luxuzko nazioarteko enpresekin egindako lankidetzak, museo eta hoteletarako proiektuak, eta bilduma propioak-, tokiko tailer bat irismen globala duen kultura-eragile zelan bihur daitekeen erakutsiko digu, aldi berean, nortasun errotua eta balio sendoei eutsiz.

Hitzaldiak zuzenean begiratuko dio Gabrielaren sorkuntza-prozesuari, bai eta hainbat material mugimendua, eraldaketa eta organikoaren eta teknologiaren arteko elkarrizketa lako kontzeptuak aztertzeko tresna bihurtzen diren moduari ere.

Gabriela Sagarminaga Roldán diseinatzailearen biografia laburra

“Sagarminaga Atelier” tailer-estudioaren sortzailea eta sormen-zuzendaria da. Bertan, artea, diseinua eta artisautza garaikidea landare-zuntzetan oinarritutako bilbean uztartzen dira.

Modaren munduan, lehen urteak Bartzelonan eman eta gero, erreferentziazko enpresa eta agentzietarako lan egiten, Latinoamerikara joan zen gizarte-berrikuntzako proiektuak dokumentatzera. Bidaia hark diseinuari buruzko begirada zabaldu zion, diseinua kultura eraldatzeko tresna gisa ulertuta.

Bilbora itzuli zenean, artisautzaren, lurraldearen eta naturaren arteko loturari buruzko ikerketa hasi zuen, eta, horren ondorioz, espartzua aurkitu zuen, hau da, egungo obran darabilen material nagusia. Ordutik, luxuzko marka, museo eta nazioarteko hoteletarako piezak eta instalazioak lantzen ditu, edertasuna, memoria eta berrikuntza naturarekin solasean aritzen diren sormen-unibertsoa finkatuz.