Hedabideentzako deialdia 2025ko azaroaren 6a

Aitor Estebanek buru jardungo du Sabino Arana Fundazioak nazismoak deportatutako EAJko militanteei egingo dien omenaldian

  • Ekitaldian, nazismoaren izugarrikeria pairatu zuten euskal abertzaleak (gutxienez, hamahiru izan ziren) oroitzeko plaka erakutsiko da.
  • Badakigu 13 deportatu zituztena, baina, segurutik, gehiago izan ziren. Nazien kontzentrazio-eremuetara deportatutako jeltzaleen edo jarraitzaileen senideen bila jarraitzen du SAFek.
  • Kaltetuak harremanetan jar daitezke Fundazioarekin 94 405 64 50 telefonora deituta edo agiritegi@sabinoarana.eus helbide elektronikora idatzita.
  • 2025ko azaroaren 6a, osteguna
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Bigarren Mundu Gerran (1940-1945) nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako EAJ-PNV alderdiaren militanteak gogoratzeko helburuz, Sabino Arana Fundazioak (SAF) antolatu duen omenaldiaren protagonista faxisten aurkako borrokan gogotik aritu zen euskal abertzaletasuna izango da.

Azaroaren 6an izango da ekitaldia, arratsaldeko 7etan, Fundazioaren egoitzan, eta deportatuen senideek parte hartuko dute bertan.

Plaka bat desestaltzea eta biktimak oroitzea

Aitor Esteban EAJren EBBko presidentea jardungo du ekitaldiaren buru eta nazismoaren izugarrikeria pairatu zuten euskal abertzaleen ‒­gutxienez, hamahiru‒ omenezko oroitza-plaka desestaliko du.

Ekitaldia SAFeko Agirre Lehendakaria aretoan egingo da, hau da, Agirre Lehendakariak nazismoaren eta faxismoaren aurka egin zuen borroka gogora ekartzen digun sinbolismoz betetako gune batean.

Etxahun Galparsororen hitzaldia

Etxahun Galparsoro historialari eta Historia Garaikideko doktoreak, Hirugarren Reichek behartutako errepublikazaleen deportazioetan adituak, hitzaldia emango du biktimak gogoratzeko.

Oraintsuko ikerketen arabera, 253 euskaldun (gehien-gehienak Gerra Zibilaren ostean erbesteratuak) nazien kontzentrazio-esparru eta espetxeetara deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. Horietatik guztietatik, jakin dugu gutxienez hamahiru deportatu EAJ-PNV alderdiaren militanteak edo jarraitzaileak zirela.

EAJ: Erresistentzian ekin eta ekin

Nazien kontzentrazio-esparruetara, hala nola Mauthausengora, egindako lehen deportazioek, batez ere, ezkerreko militanteei eta anarkistei eragin bazieten ere, jeltzaleak gogoz jazarri zituzten Frantziako Erresistentzian parte hartzeagatik eta erbestetik hartu zuten faxisten aurkako konpromisoagatik. Horietako asko erbesteko Euzkadiko Gobernuarekin lotuta zeuden, eta elkarlanean aritu ziren aliatuekin eta sare klandestinoekin Frantziako hego-mendebaldean. Horregatik atxilotu eta deportatu zituzten.

Esker-erakutsi honen bidez, Sabino Arana Fundazioak euskal abertzaletasunaren eginkizuna nabarmendu nahi du, biktima gisa ez ezik, Bigarren Mundu Gerran bete zuen borroka antifaxistagatik.

Ondokoen omenez: Hilario Agorria Urrutia, Santiago Anabitarte Altuna, José Miguel Arrate Itoiz, Juan Arregi Olano, Iñaki Eizagirre Markuerkiaga, Alejandro Elizalde Iribarren, Ramón Guerrero Fernández, Martín Pablo Hurtado De Saratxo Murua, Pedro Madariaga Rekalde, Manuel Mitxelena Oihartzabal, Martín Mitxelena Oihartzabal, Ambrosio San Vicente Arrieta eta Iñaki Saribiarte Elgezua.