Hedabideentzako deialdia • 2025ko azaroaren 17a
Oihane Agirregoitiak EBren eta Mercosur antolakundearen arteko akordioaren aukerei buruzko hitzaldia emango du SAFen
“25 urte geroago: EB-ren eta Mercosur-en arteko hitzarmenaren erronkak eta aukerak”
Datorren astelehenean, 19:00etatik aurrera, EAJko europarlamentariak, Euskadin ere eragin izango duen munduko merkataritza-itun handienetako baten gakoak eta ondorioak azalduko ditu Sabino Arana Fundazioan.
- 2025ko azaroaren 17a, astelehena
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
2024ko abenduaren 6an, Europar Batasunak eta Mercosurreko herrialdeek —Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai—, 1999an hasitako elkarrizketetan 25 urte eman ostean, akordio esanguratsu baten negoziazioak biribildu zituzten. Akordio horrek, indarrean hasitakoan, munduko merkataritza libreko gunerik handienetakoa sortuko du, 750 milioi kontsumitzaile izango dituela.
Europako Batzordeak irailaren 3an onartu zituen akordioaren legezko testuak, eta EBko 27 estatu kideek eta Europako Parlamentuak berretsi beharko dute. Izaera estrategikoa du itunak, eta hiru eremu aintzat hartzen ditu: elkarrizketa politikoa, lankidetza eta merkataritza. Era berean, funtsezko tresna da Europaren eta Latinoamerikaren arteko harreman ekonomikoak eta politikoak sendotzeko, Estatu Batuekin eta Txinarekin, esaterako, gero eta tentsio geopolitiko handiagoak dauden testuinguru batean.
Euskadik lotura historiko oparoa dauka Mercosur esparruko herrialdeekin eta berriki sinatutako akordioak aukera joriak eskainiko ditu ekonomia dibertsifikatzeko eta merkatu berrietan barruratzeko; itunak, aldi berean, elikagaien segurtasunaren eta nekazaritza-produktu sentikorren babesaren arloko Europako estandarrak bermatuko ditu.
Europako Batzordearen kalkuluen arabera, indarrean sartzen denean, Mercosurreko herrialdeetara esportatutako europar produktuen % 91ri eta EBra egindako inportazioen % 92ri muga-zergak kenduko zaizkio, eta urtean 4.000 milioi euro inguru aurreztuko dituzte Europako enpresek.
Sabino Arana Fundazioan emango duen hitzaldian, Oihane Agirregoitiak akordioaren alderdi nagusiak jorratuko ditu, Euskadiko eta Europako ehun ekonomikoan izango dituen ondorioak, eta Europako Parlamentuak hitzarmena onartzeko eta haren jarraipena egiteko izango duen zeregina.
Hizlariaren datu batzuk
Oihane Agirregoitia (Bilbao, 1980) Europako Parlamentuko kidea da 2024tik EAJ-PNV alderdiaren ordezkaritzan. Industria Antolakuntzako eta Industria Elektronikako ingeniari teknikoa da ikasbidez (Deustuko Unibertsitatea), eta IKTen arloan lan egin zuen hainbat urtetan, ibilbide politikoa Bilboko Udalean hasi aurretik. Hamabi urtetan, Bilboko zinegotzia izan zen. Geroago, Gobernu Onaren, Herritarren Arretaren eta Zerbitzu Digitalen zuzendari nagusi izan zen Bizkaiko Foru Aldundian. Berrikuntzarekin, parte-hartzearekin eta nazioartekotzearekin engaiatuta dagoela, lan politikoa kirolarekin eta naturarekiko zaletasunarekin uztartzen du.