Efemeridea 2021ko maiatzaren 24a

Santiago Alda Jubera, Sabino Aranaren lehen jarraitzaileetako bat

Gaurkoa lako egun batean, 1863ko maiatzaren 24an, Santiago Alda Jubera jaio zen Bilbon. Sabino Aranaren laguna eta EAJ alderdiaren buruzagi gorenetakoa izan zen 1906 eta 1908 artean.

Santiago Alda Jubera, Sabino Aranaren lehen jarraitzaileetako bat

Kontularitza ikasi zuen, eta zenbait urtez Faberoko (Leon) Hulleras Vasco-Leonesas meatze-konpainian lan egin zuen, administratzaile gisa. Ondoren, Aznar familiaren negozioen ahalduna eta administratzailea izan zen.


Sabino Aranaren lagun eta jarraitzailea zela, 1893ko ekainaren 3an, Larrazabalgo txakolinean egindako otorduan egon zen. Larrazabalgo hitzaldi horretan, buruzagi abertzaleak lehen aldiz azaldu zituen bere ideiak jendaurrean.


Aldak Claridad egunkarian jardun zuen kolaboratzaile, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen hauteskunde-batzordeko presidentea izan zen Durangoko barrutian. 1895ean, EAJ eratu ondotik, diruz lagundu zuen alderdiaren lehen kanpainetan. Eta Sabino Arana hil ostean, Zumarragako Eskualde Batzarreko mahaiburua izan zen, eta, Alipio Larrauri, Antonio Arroyo Olabe, Euardo Arriaga eta Bixente Larrinagarekin batera, 1906an, Angel Zabalaren ostean, EAJ-PNV alderdia zuzendu zuen EBBko kide izan zen.


Sixta Gorostiolarekin ezkondu zen eta senar-emazteek bi alaba izan zituzten, Milagros eta Rakel Kattali. Azkena euskal abertzaletasunaren lehen emakume zabaltzaileetakoa izan zen, Emakume Abertzale Batzako presidentea Errepublikaren garaian (1932-1934). Alda bigarrenez ezkondu zen, Klaudia Senosiainekin.


Santiago Alda Jubera 1926ko abuztuaren 10ean hil zen, Bilbon, 63 urte zituela.