Efemeridea 2023ko martxoaren 31a

Bolbora eta hondamena Durangon

Gaurkoa lako egun batean, 1937ko martxoaren 31n, matxinatuen aldeko hegazkinek Durango bonbardatu zuten. Horien helburu nagusiak biztanleria zibila eta hiriguneak izan ziren.

Durango bonbardatuta Durango bonbardatuta

Gerra Zibilean, frankistek jomuga hartu zuten Euskadi. Matxinatuek Araba kontrolatu eta Gipuzkoa erori ondoren, Bizkaiak hainbat bonbardaketa jasan zituen. Durangaldea aukeratu zuten eta, 1937ko martxoaren 31n, Durangori eraso egiteko agindua eman zuten Franco eta Mola jeneralek. Eraso horren aurretik, 1936ko udan, Otxandiok, Bilbok eta Durangok ere aire-erasoak jasan zituzten.

Martxoaren 31ko goizeko 7etan, Aviazione Legionariako bi eskoadrila irten ziren Soriako hegazkin-eremutik Logroñora, eta 08:00etan 18 ehiza-hegazkin batu zitzaizkien. Idiazabal (Gipuzkoa) parean, hegazkin-talde batek Durangorako bidea hartu zuen, eta bertan, hegazkinek 50 kiloko 80 bonba jaurti zituzten Kurutziaga, Andre Maria eta Ezkurdi gainean. Bonbek etxe ugari eta eliza batzuk kaltetu zituzten, eta zaurituak hainbat ospitaletara eraman behar izan zituzten.

17:45ak aldean, alarmak entzun ziren berriro ere Durangon; arratsalde hartan, Soriatik zetozen 8 hegazkinek 5 tona bonba jaurti zuten Durangon. Erasoaldi horretan, Zeharkale eta San Agustin izan ziren gunerik kaltetuenak eta ehiza-hegazkinen metrailak ehunka zibil zauritu zituen.

Emaitzarekin konforme geratu ez zirela, apirilaren 2ko arratsaldeko bostetan, Italiako hegazkinek Durango bonbardatu zuten berriro. Ordurako ia ez zen biztanlerik geratzen udalerrian, eta biktima bakanak suhiltzaileak eta erreskateko langileak izan ziren.

Zorigaiztoko egun horietako bonbardaketen balantzea beldurtzeko modukoa izan zen: 14.840 kilo lehergaiz hornituriko 281 bonba jaurti zituzten Durangon, 336 hildako baino gehiago izan ziren, 71 etxe suntsitu eta 234 kaltetu zituzten, eta garai hartako 4.239.901 pezetako kalteak eragin zituzten erasotzaileek.

Jon Irazabal Agirrek DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean, 2010-01-16an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.