Efemeridea 2022ko apirilaren 6a

Manuel Ibarrondo, Arabako abertzale handia

1935ean EAJ-PNV alderdiaren ABBko burua izan zen eta frankismoak gogor jazarri zuen. Gaurkoa lako egun batean hil zen Gasteizen, 1970eko apirilaren 6an.

Imagen de Manuel de Ibarrondo Manuel de Ibarrondo, un gran patriota alavés

Gaztetatik EAJ-PNV alderdiko kide izan zen, eta Arabako exekutibako (Araba Buru Batzarreko) buru izendatu zuten 1935ean.


Xabier Landabururen laguntzailea izan zen, eta harekin batera “Cartilla Foral de Alava” izeneko opuskulua idatzi zuen.


Militarren 1936ko matxinada gertatu eta lasterrera, ia Araba osoa matxinatuen esku geratu zen, eta horrek errepresio ankerra eragin zuen jeltzale eta errepublikazaleen aurka. Manuel Ibarrondo ez zen salbuespena izan. Julian Agirre, Jose Luis Abaitua eta Xabier Landaburu arabar jeltzaleekin batera atxilotu ostean, guztiei presio handia egin zieten, eta tiro egingo zietelako mehatxupean, bi gutun idatzi eta sinatu behar izan zituzten, matxinatuei babesa emateko. Agiri horiek, militarrek era interesatuan moldatutakoak, tokiko prentsan argitaratu eta gerrako ikur gisa erakutsi zituzten.


Landaburu ezkutuan egon zen, harik eta mugaren beste aldera ihes egin eta Agirre lehendakariaren aginduetara jarri zen arte. Ibarrondori hogeita hamar urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta Gasteizko Aurrezki Kutxako idazkari postua kendu zioten.


Abokatua lanbidez eta idazle atsegina zela, ezin konta ahala artikulu argitaratu zituen “Euzkadi” egunkarian eta tokiko prentsan. Era berean, hitzaldi ugari eman zituen Arabako historiari buruz, lurralde hori ezin hobeto ezagutzen baitzuen. 1970ean hil zenean, Eusko Alderdi Jeltzalearen “Alderdi” berripaperak honela deskribatu zuen: “abertzale, lagun handi eta guztien artean gizon on”.


Argazkia: Manuel Ibarrondo (ALHA), Roman Berriozabalen ““Del 18 de julio a los asesinatos del Puerto de Azazeta. Historia de EAJ-PNV en Álava durante la Guerra Civil” liburuan argitaratutakoa.