Efemeridea 2023ko martxoaren 24a

Manuel Irujo: bakearen eta demokraziaren aldeko gizona

Gaurkoa lako egun batean, 1977ko martxoaren 24an, Manuel Irujo Ollo Euskal Herrira itzuli zen, erbestean 40 urte eman ondoren.

Alderdi Eguna, Aralar, 1977. Alderdi Eguna, Aralar, 1977.

Irujo 1891ko irailaren 29an jaio zen Lizarran (Nafarroa). Sabino Arana defendatu zuen Daniel Irujo abokatuaren semea zela, Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. 1916an, Aurelia Pozuetarekin ezkondu zen eta alaba bat izan zuten. Hala ere, 1918an alargun geratu zen Irujo.

Abokatutzan aritu zen 1930ra arte eta, aldi berean, Nafarroako Foru Aldundiko diputatu izan zen. Bigarren Errepublikan, Manuel Irujo Gipuzkoako diputatuaren kargua izan zuen Gorte Nagusietan 1931, 1933 eta 1936an. Gainera, 1936 eta 1937 artean, karterarik gabeko ministro aritu zen Largo Caballeroren gobernuan, eta Justizia ministro Negrinen gobernuan. Gerran zehar matxinatuen heriotza-zigorrak ekiditeko lana aipagarria izan zen, bere bizitza arriskuan jarri zuelarik.

Gerra Zibila amaituta, Erresuma Batura erbesteratu zen, eta euskal ordezkaria izan zen Londresen. Era berean, Euskal Kontseilu Nazionaleko buru izan zen 1940 eta 1942 urteen artean, alemaniarrek Frantzia okupatu ostean Jose Antonio Agirre non zegoen ez zekiten bitartean. Hala ere, erbesteko gobernu errepublikazaleko ministro 1945 eta 1947 urteen artean.

Erbestean 40 urte eman ostean, Irujo Euskal Herrira itzuli zen 1977ko martxoaren 24an. Noainera iritsi zenean, herri hunkituak harrera egin zion eta txalo artean aitortu zion giza eskubideen alde eginiko borroka nekaezina eta euskal abertzaletasunaren defentsa.

1981eko urtarrilaren 1ean hil zen, Iruñean, 90 urte zituela. Abokatu izateaz gain, hizlari, idazle, musikari, historialari eta humanista ere izan zen.

Arantzazu Amezagak DEIA egunkariaren ‘Historias de los Vascos’ sailean, 2010-12-31n, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.