Efemeridea 2022ko azaroaren 3a

Leopoldo Zugaza, bizitza euskal kulturari −kulturaren adierazpide guztietan− eskainitako kultura-eragilea

2015eko Sabino Arana sariduna, atzo hil zen, asteazkenarekin 90 urte zituela.

2015eko Sabino Arana sariduna. 2015eko Sabino Arana sariduna.

Zalantza barik, ezinezkoa da pertsona batzuen kultura-jarduera adierazpen bakarraz definitzea, pertsona jakin horiek sustatu dituzten kultura-ekintzen ugaritasunagatik. Leopoldo Zugaza Fernandez dugu pertsona horietako bat. Leopoldo 1932an jaio zen Durangon, eta lau urte pasatxo zituenean, eskolara joateko prestatzen ari zela, Durangoko bonbardaketa ikusi zuen. Batxilergoa amaitzean, Ingeniaritza aukeratu zuen zen, baina geroago egiaztatu zenez, Humanitateak zituen gogoko.

Editorea eta Durangoko Azokaren sustatzailea, Euskal Jaiak antolatzen lagundu zuen 70eko hamarkadaren hasieran; 1975ean hasi zen hizkuntza, ekonomia eta literatura gaien argitaratze-lanetan. Durangoko Merindadeko Lagunen Gerediaga Elkartearen eta Euskarazaleak elkartearen sortzailea izan zen. 1985ean, Durangoko Arte eta Historia Museoa sortu zuen; Durangoko ikastolaren, Zarauzko Photomuseumaren eta Olerti Etxearen sortzaileetakoa izan zen. Halaber, Bizkaiko Aurrezki Kutxako eta BBK-ko kultura-aholkularia izan zen, baita Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuko Batzordeko kidea ere. Batzorde horretan ziharduela, artxiboa, liburutegia eta obra grafikoaren kabinetearen sustatzailea izan zen; Labayru Ikastegiaren, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Eusko Ikaskuntzaren aholkulari ere jardun zuen; eta Sancho el Sabio Fundazioaren agerkariaren erredakzio-kontseiluko kide izan zen. 1986an, lehen aldiz eman zen Bizkaiko Foru Aldundiaren Andres Mañarikua Saria jaso zuen. 2006an, Eusko Ikaskuntzak Ohorezko Bazkidearen titulua eman zion, eta 2015ean, Durangoko Azokaren 50. urteurrenean, Argizaiola sarietako bat jaso zuen Gerediaga elkartearen eta, ondorioz, Azokaren sortzaileetakoa izan zela aitortzeko. Urte horretan bertan, Sabino Arana Fundazioak bere sarietako bat eman zion euskal kulturari egindako ekarpen bereziagatik. Leopoldoren kulturgintza kultura-arloan izandako jarrera ekintzaile bereziaren eta beraren kultura-jarduera sustatu zuen jokabide ikasi eta humanistaren emaitza izan ziren. Atzo hil zitzaigun, asteazkenarekin, 90 urte zituela.

Goian bego Leopoldo.