Efemeridea 2022ko maiatzaren 20a

Ignazio Loiolakoaren bizitza aldatu zuen zauria

1521eko maiatzaren 20an, Ignazio Loiolakoa Iruñean zauritu zuten; horrek eragin handia izan zuen santuaren bizitzan, erabateko fede-aldaketa ekarrita. Geroago, Jesusen Lagundia sortu zuen.

Ignazio Loiolakoaren bizitza aldatu zuen zauria

Nafarroako jauregiaren ondoan dagoen Iruñeko San Ignazio basilikako zoruan, Ignazio Loiolakoa 1521eko maiatzaren 20an zauritu zuteneko leku zehatza adierazita dago xafla batean. Iruñean, ia-ia bizia kendu zion zauri haren ondorioz, Ignazio Loiolakoa konbertsio edo bihurtzeari lotu zitzaion, eta, harrez gero, armak utzi eta Ebanjelioa zabaltzeari eskaini zion bizitza, harik eta Eliza katolikoaren santu unibertsaletakoa bilakatu zen arte. Loiolako santuak sortu zuen Jesusen Lagundia 1534an, eta konpainia funtsezko mugarria izan zen Kontrarreforma hedatzen eta Aita Santuaren aginpidea sendotzen.