Efemeridea 2021ko ekainaren 22a

Julene Urzelai, Emakume Abertzale Batzaren (EAB) buruzagi esanguratsuenetakoa

Julene Urzelai, Emakume Abertzale Batzaren (EAB) buruzagi nabarmenetako bat, orain dela 38 urte Caracasen (Venezuela) hil zela gogoratu nahi dugu gaur. Elkarte horretako burua izan zen 1931 eta 1932 urteetan.

Julene Urzelai, Emakume Abertzale Batzaren (EAB) buruzagi esanguratsuenetakoa

Azkoitian jaio zen, 1912an, eta joan den mendeko 30eko hamarkadan, euskarazko hizlari trebea izan zen hainbat mitin eta ekitaldi publikotan.


Bigarren Errepublikan, jaioterrian, festa-omenaldi handi batean parte hartu zuen, eta bere lehen mitina eskaini zuen bertan, Jose Antonio Agirre eta Esteban Urkiaga “Lauaxeta” aurkeztuta. Horixe izan zen Julene Urzelairen jarduera politiko publikoaren hasiera. Garai hartako beste ‘emakume’ garrantzitsu batzuekin batera aritu zen, hala nola Polixene Trabudua, Mª Teresa Zabala, Haydee Agirre eta euskal abertzaletasunari loturiko beste hedatzaile nabarmen batzuekin.


Gerra Zibilaren hasieran eta Gernika-Lumo bonbardatu ostean, Parisera erbesteratu zen, eta han ezagutu zuen gerora senarra izan zena, Frantzisko Zamakona. 1940an, Venezuelara iritsi zen eta gogotik jardun zuen Caracasko Euskal Etxean eta Radio Euzkadi irratiko esatari legez. Azken horretan, euskaraz aritu zen Venezuelako oihanetik, hots, mitinetan ere erabiltzen zuen hizkuntza bakarrean.


Ahal zuen guztietan, jaioterrira itzultzen zen, baina senarra hil zenean, harrera-lurraldean geratzea erabaki zuen, Atlantikoaren beste aldean. Caracasen hil zen, 1983ko ekainaren 22an.


Argazkian, Julene Urzelai mitin batetan.


Josu Chuecaren “Emakumes presas, las primeras en la Resistencia” erreportajea, HERMES aldizkariaren 44. zenbakian argitaratutakoa (2013ko uztailean) erantsi diogu artikuluari.