Efemeridea 2023ko martxoaren 14a

Pepe Mitxelenaren heriotza.

Gaurkoa lako egun batean, 1982ko martxoaren 14n “Pepe” Mitxelena Agirre zendu zen Donostian. Mitxelena euskal abertzale historiko esanguratsua izan zen.

Pepe Mitxelena. Pepe Mitxelena.

Irunen jaio zen, 1906an; Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzarentzako Informazio Zerbitzuak antolatu eta zuzendu zituen anaia Juan Joserekin batera. ‘Alava sare’ ezagunaren bultzatzaileetako bat izan zen. Bigarren Mundu Gerran, Gurseko eremutik hainbat euskal nazionalista askatzen parte hartu zuen, alemanen tropen aurrerapena zela eta, heriotza seguru batetik salbatuz. 1945eko apirilean, Parisen, Lehendakariarekin izandako bileran egon zen. Bertan, euskal abertzaletasunak jarraitu beharreko urratsak zehaztu ziren. Agirre Lehendakaria hil ondoren, Euskadira itzuli zen 1965ean. Irudian, Pepe Mitxelenaren erretratua, Félix Rekondo ilobak egina.