Efemeridea 2024ko martxoaren 26a

Aberri egun arrakastatsua Iruñean

Gaurkoa lako egun batean, 1967ko martxoaren 26an, Aberri eguna egin zen Iruñean. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzak, EAJ, ANV, PSOE eta AR alderdiek eta UGT, CNT eta ELA-STV sindikatuek deialdi bateratua egin zuten.

Iruñean 1967an ospatutako Aberri Egunaren oroitzapenezko zigiluak. Iruñean 1967an ospatutako Aberri Egunaren oroitzapenezko zigiluak.

Ospakizun ofiziala martxoaren 26an izan bazen ere, aurreko egunetan Euskadi osotik etorritako jendea iritsi zen Iruñera. Elkarretaratze handiak aurreikusi zirenez gero, gobernu-agintaritzak aurretiazko neurriak hartu zituen. 1.700 agente inguru hedatu ziren Guardia Zibilaren eta polizia sekretuaren artean; horiek guztiek errepide bidezko sarbidea kontrolatzeko eta, ahal zen neurrian, hiria ixteko agindua jaso zuten.

Polizia Iruñeko hotel, osatu eta pentsio guztietan izan zen eta jabeak behartu zituen konpromiso guztiak bertan behera uztera eta bidaiariei gelarik ez ematera. Jendetza handia pilatzerik saihestu nahi zuten. Hala ere, murrizketa horien aurrean, herriko bizilagunek etxeak eskaini zizkieten hirira iristen zirenei ostatu gisa.

Igandean, martxoak 26 zituela, eguerdiko 12etan, Gazteluko plaza jendez betetzen hasi zen Aberri egunaren kariaz, eta polizia plazaren inguruan elkartu zen bertaratutakoak kontrolatzeko asmoz. 12:30ak aldean, 20.000 eta 25.000 pertsona zeuden plazan; gazte-talde batzuk aberriko kantak abesten hasi ziren, eta auzokideek eurekin bat egin zuten, balkoietatik abestuz.

Geroago, bi ikurrin agertu ziren Iruñeko zeruan eta hegan jaitsi zuten lurrera paraxutei atxikita; hirugarrena Diputazioaren teilatuan pausatu zen. Neska batek bi ikurrinak atzeman zituen eta polizia kentzen hasi zen. Horren ondorioz, istiluak hasi ziren, eta liskarrak izan ziren poliziaren  eta gazte-taldeen artean.

Iruñeko Aberri eguna jardunaldi gogoangarria izan zen Euskadiko historian, ez bakarrik Iruñeraino joan zen jende andanagatik, ezpada, Nafarroa ikur bilakatu zelako egun hartan eginiko ekitaldi guztietan. Gainera, Iruñera iritsi ezinik geratu ziren guztiek Nafarroako hiriburura iristeko errepideetan bertan ospatu zuten jaia.