Efemeridea 2021ko otsailaren 16a

Euskal Telebistaren hastapenak: lehen ohiko emanaldiak

Gaurkoa lako egun batean, 1983ko otsailaren 16an, Euskal Telebistaren ohiko emanaldiak hasi ziren.

Euskal Telebistaren hastapenak: lehen ohiko emanaldiak

Gaurkoa lako egun batean, 1983ko otsailaren 16an, Euskal Telebistaren ohiko emanaldiak hasi ziren.

 

Gertaera horrek amaiera eman zion 1981ean Gasteizko telebista eskolan hasitako ekimenari. Hurrengo urtean, 1982ko maiatzaren 20an, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa sortzeko legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Garai hartan, Estatu espainiarrean, Radio Televisión Española taldeak baino ez zuen jarduten.

 

Urte horretan bertan hasi ziren euskal telebistaren instalazioak Iurretan (Bizkaia) eraikitzen, eta 1982ko abenduaren 31ko 00:00 orduetan eskaini zen lehen emanaldia, Carlos Garaikoetxea orduko lehendakariaren mezu bat emititurik. Hala, EiTB estatuan sorturiko lehen autonomiako telebista izan zen.

 

Aldi esperimentala 1983ko otsailaren 16an amaitu zen, eta ordutik aurrera ohiko emanaldiak eskaintzen hasi zen Euskal Telebista. Gainera, urte horretan bertan hasi ziren lanak Donostiako Miramon auzoan.

 

1986an, ETB1eko euskarazko emankizunez gain, hasieratik gaztelaniazko saioak eskaini dituen ETB2 hasi zen lanean eta, horrela, autonomia-erkidegoetan, bi kanalez hornituriko lehen telebista izan zen EiTB. Urte batzuk geroago, 2001ean, ETBSat emititzen hasi zen, euskal telebista estatu osora hedatzeko Canal+ bidez, baita Europara eta Ameriketara ere, ASTRA satelitearen eta Canal Vasco erabiliz, hurrenez hurren.

 

2007ko irailaren 25ean, erakundearen instalazioak lekuz aldatu ziren, Iurretatik Bilbora. Hurrengo urtearen amaieran, 2008ko abenduaren 31n, egoitza horrek ETAren atentatu bat pairatu zuen, bonba-furgoneta batek eztanda egin zuela instalazioen aurrean.

 

2008ko urriaren 10ean, ETB3 kanala euskarazko saioak eskaintzen hasi zen, bereziki gazteentzako programazioa, aisialdiko edukiak, erreportajeak eta albistegiak jorratuta. 2011ko irailean, ETBK/Sat aurkeztu eta emititzen hasi zen. Kanal hori ETBSat-eko programazioan oinarritu zen, baina kirol-arloko programazio zabala gehitu zitzaion. Azkenik, ETB4 izena hartu zuen.

 

Gaur egun, aipatutako kanalez gain, EITBk bost irrati (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta Radio EiTB Irratia) eta web atari bat (eitb.com) ere baditu.