Efemeridea 2021ko apirilaren 21a

Enbata: aldizkari izatetik mugimendu politikoa sortzera Iparraldean

Gaurkoa lako egun batean, 1963ko apirilaren 21ean, Enbata deituriko Iparraldeko euskal mugimendu abertzaleak batzarra egin zuen Itsasun, Frantziako Estatuan euskal departamentu bat sor zedin proposatzeko.

Enbata astekari politiko gisa argitaratzen hasi zen Iparraldean. Ximun Haran, Jakes Abeberri, J. Louis Davant, Mixel Labéguerie eta Piarres Lartzabalek sortu zuten, eta lehen alea 1960ko irailean kaleratu zen.

1963ko apirilaren 15ean, lehenengo Aberri Eguna egin zen Iparraldean eta, hil horren 21ean Itsasun eginiko batzarrean, Enbata mugimendu politiko legez eratu zen. Bilera hartan, Frantziako Estatuaren barruan, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko lurraldeak aintzat hartuko zituen euskal departamentua sortzea proposatu zen.

Geroago, Europa batuaren esparruan, euskal lurralde guztietako eskualde politiko, administratibo eta kulturaren ikuspegitik autonomoa eratzea proposatu zen.

Era berean, Enbata mugimendu politiko gisa sortzeaz batera, ETA erakundea hedatu zen eta lehen iheslariak heldu ziren Iparraldera. Esan dezagun etorri berriek nolabaiteko eragina izan zutela talde berrian.

1974an, Carrero Blanco hil eta urtebetera, Frantziako Ministroen Kontseiluak Enbata mugimenduaren jarduera debekatu zuen, besteak beste, krimena eta legez kanpoko propaganda bultzatzea leporatuta.