Efemeridea 2021ko ekainaren 4a

El Correo Vasco: lehen euskal kazeta abertzalea

Gaurkoa lako egun batean, 1899ko ekainaren 4an, lehen euskal kazeta abertzalearen lehenengo zenbakia kaleratu zen: El Correo Vasco.

El Correo Vasco: lehen euskal kazeta abertzalea

El Correo Vasco sortzeko, hasteko eta bat, sozietate zibil bat eratu zen eta sozietate hori arduratu zen geroago egunkaria editatzeaz. Kazeta hori argitalpen abertzaletzat plazaratu zen lehen proiektua dugu, eguneroko maiztasunik ez zuten Bizkaitarra eta Baserritarra aldizkarien ondotik.


Ramon de la Sotak eta Fausto Ibáñezek sortu zuten elkartea eta Sabino Aranak, Ramon de la Sotak eta Juan Ortiz Artiñanok zuzendaritza-batzordea osatu. Hala eta guztiz ere, Arana anaiak izan ziren egunkariari eutsi eta aurrera atera zutenak. Sabino editore, erredaktore eta zuzendari nagusia izan zen, eta Luis, berriz, administratzailea.


El Correo Vasco kazetaren helburu nagusia ideia abertzaleak aldeztea eta zabaltzea izan zen. Egunkariaren 103 zenbaki argitaratu zituen 1899ko irailaren 15ean itxi zen arte, Espainiako Gobernuak ezarritako berme konstituzionalen etendura baten ondorioz.


El Correo Vasco egunkariaren lehen zenbakietako baten alea, hain zuzen ere, 2.arena.