Efemeridea 2022ko azaroaren 24a

1815eko azaroaren 24an, “Etxaniz suhiltzailea” jaio zen

Gaurkoa lako egun batean, 1815eko azaroaren 24an, Antonio Etxaniz, Etxaniz suhiltzaile ospetsua, jaio zen Bilbon

Gargantua Bilboko 1981eko Aste Nagusian. Gargantua Bilboko 1981eko Aste Nagusian.

Arotza lanbidez eta obra-maisua izan zen suhiltzaile jardun baino lehen. Etxaniz dugu, 1854an, Bilboko jaietako lehen Gargantua diseinatu eta eraiki zuena. Hura sortzeko, François Rabelais frantziar idazlearen Gargantua izeneko pertsonaian oinarritu zen. Gure Gargantua tripontzi eta onkote erraldoia itxuratzeko, itzelezko baserritar baten tankera eman zion, umeak irensten eta atzeko aldetik botatzen dituena, txirrista batetik irrist eraginda. Ume-jale tripontzi ospetsuak gaurdaino iraun du eta, umeen artean, ezagunenetakoa da hiriburuko jaietan. Etxaniz suhiltzailea ausartasun handiz hil zen, beste hiru lagunekin batera, 1867ko ekainaren 7an, suak hartutako Posta kalean zegoen Delmas-en alargunaren inprimategi, litografia eta liburu-dendan harrapatuta. Indautxuko barrutiko plaza batek eta anbulatorio batek etxaniz izena daroate haren omenez. 
Argazkian, Gargantua Bilboko 1981eko Aste Nagusian.