Efemeridea • 2021ko azaroaren 16a
91 urte CNV eta EAJ-PNV alderdiak berriro batu zirenetik
Eusko abertzaleak gaurkoa lako egun batean buztartu ziren, 1930eko azaroaren 16an.
Comunión Nacionalista Vasca (Eusko Elkarte Abertzalea euskaraz, baina gaztelaniazko izenaz ezagunagoa) eta Euzko Alderdi Jeltzalearen arteko bat egitea bederatzi hilabete lehenago hasi zen ontzen, Luis Aranak (CNV) EAJren agintariei bat egiteko gutuna bidali zien egunean, hain zuzen ere.
Hainbat batzar egin ostean, azaroaren 16an, CNV eta EAJ-PNV alderdien ordezkariak eta euskal abertzale ospetsu ugari elkartu ziren Bergarako batzokian, bi alderdien arteko bat egite gutiziatuari buru emateko xedez.
Goizean goiz, alderdi bien EBBetako kideak batzartu ziren artean ebatzi barik zeuzkaten gai batzuez eztabaidatzeko. Geroago, alderdiek batzar bereiziak egin zituzten.
Arratsaldean, baterako batzarrari ekin zioten, Abelino Barriola buru zela eta EBBetako bi buruak han zirela, Keperin Xemein (EAJ) eta Ignazio Rotaetxe (CNV), ehunka lagunen artean. Batzar hartan, 124 uriko buru batzarrek izan zuten ordezkaritza: Bizkaikoak: 53; Gipuzkoakoak: 45; Nafarroakoak: 25, eta Arabakoak: 1), 150etik gora ordezkarik parte hartu zutela, horietatik 85 bizkaitarrak, 59 gipuzkoarrak, 26 nafarrak eta 8-10 arabarrak. Arrekoez gain, kargu publikoak izandako pertsona asko bertaratu ziren, hala nola Jose Horn senatari ohia, Gorteetarako diputatu Manuel Aranzadi eta Jose Eizagirre, probintziako diputatu ohi J.I. Arana, Luis Urrengoetxea, Julian Arrien, Angel Zabala, Miguel Urreta eta abar, bai eta abertzale entzutetsu batzuk ere: Engrazio Aranzadi, Poli Barrena, Jose Antonio Agirre, Jesus Mª Leizaola, Manuel Irujo, Francisco Basterretxea, Baltasar Amezaga, Manu Egileor, Belaustegigoitia anaiak…
Gai gehienetan ados egon ziren alderdiak, baina garrantzitsuenak bi izan ziren. Alde batetik, doktrina bakarrari, Sabino Aranarenari, men egitea eta, bestetik, lelo bakarra erabiltzea: “Jaungoikua eta Lagi-Zarra” (JEL).