Prentsa oharra 2022ko irailaren 16a

«Gure industria eta ekonomia erronka globalei erantzuteko prest»

Basque Culinary Centerreko (BCC) Garapen Globaleko Arloko zuzendari Asier Aleak eta SpainNABeko zuzendari nagusi Jose Luis Ruiz de Munainek inauguratu dute gaur Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» izeneko mintegi-topaldien zikloa.

  • 2022ko irailaren 16a, ostirala
  • Sabino Arana Fundazioa

(Bilbo, 2022ko irailaren 16a).  Gaurko jardunaldian, azken hamarkadetan Euskadin jazo diren aldaketa ekonomikoak aztertu dira, eta azpimarratu da beharrezkoa dela «eragin-ekonomiaren eredurantz jotzea, ekonomiaren eta gizartearen susperraldia lortzeko tresna eraldatzaile den aldetik».

Jardunaldiaren hasieran, Sabino Arana Fundazioaren presidenteorde Ainara Zelaiak, hitzaldi-ziklo honen koordinatzaileak, jardunaldien helburuetako batzuk aipatu ditu: «azken 30-40 urteotan egindako bidea aztertzea, gizarte gisa zein erronkari egin aurre beharko diogun antzematea eta gure burua horretarako prestatzea.

«Xede nagusia da Herri gisa, gizarte gisa, mundu globalizatu honetan dugun lekuari buruzko hausnarketa egitea. Eta, horretarako, atzera begiratzea baino modu hoberik ez dago nondik gatozen jakiteko eta, hartara, norantz goazen ikusteko. Gaur egun, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa dugu eraldaketetara egokitzea, izango bagara, eta, ildo horretan, Euskadik aukera paregabeak ditu, baldin eta, orain arte egin den bezala, nazioartekotzea, berrikuntza, gizarteratzea eta abar uztartzen baldin baditugu», nabarmendu du Zelaiak.

Azkenik, Sabino Arana Fundazioaren presidenteordeak adierazi du «gure bidea lehiakortasunarena, berrikuntzarena, nortasun kulturalarena, garapen iraunkorrarena eta elkartasunarena izan behar dela, halabeharrez. Hori guztia euskal administrazio guztiekin eta gure gizarte- eta enpresa-sare osoarekiko lankidetzan.

Asier Aleak Euskadin 1980 eta 2010 urteen artean gertatu zen lehen eraldaketa ekonomiko handia jorratu du, baita berrikuntzan oinarritutako bigarren eraldaketa handia ere.

Erronka orokorrei dagokienez, BCCko Garapen Arloko zuzendaria baikor agertu da, eta gure industria eta ekonomia prest daudela adierazi du. «Oinarriak baditugu. Baten bat berreskuratu eta eta eboluzionatzeko urratsa egitea besterik ez da falta», azpimarratu du. Asier Alearen aburuz, euskal industria-sektore industrialaren (eta mundu osokoaren) etorkizunak bi eskaerari erantzun behar die: herrialde garatuen paradigmari, eraginkortasun, iraunkortasun eta ingurumen arloko eztabaidei erreparaturik; eta garabidean dauden herrialdeen paradigmari, demografiaren hazkundean funtsaturik.

«2050. urtean, munduko biztanleriaren kopurua 9.150 milioira iritsiko da (gaur egun, 8.000 milioi ingurukoa da). Eskari berri horrek, eskaintza teknologiko egokia ez ezik, ekonomia eta gizartea bikotearen garapen integraleko proposamen handinahiak ere galdetzen ditu. Abiaburu horiek konplexuagoak dira, garatzen zailagoak, baita imitatzen ere zailagoak ere, eta, horregatik, lehiarako abantaila sortzen dutela» azaldu du.

Amaitzeko, Basque Culinary Centerreko Garapen Globaleko Arloko zuzendariak adierazi du «Euskadik energia-arloko enpresa eragileak, hornitzaileen ekosistema, teknologia eta eskarmentua dituela. Baina eskalatzea, akziodunak eta belaunaldien arteko txandaketa babestu behar dira. “Auzolana” atxikitzen zaio gure kulturaren DNAri. Gure iraganaren eta orainaldiaren atala da, eta, beraz, ez litzateke zaila izan beharko ezaugarri hori gure enpresa-eskaintzara eramatea… eta alderantziz, helburu partekatuaren ildo lantzeko».

Beste alde batetik, Jose Luis Ruiz de Munainek azken mendeko ekonomikaren historiaren laburpena aletu du, 29ko porrota edo «crash» delakoa abiapuntutzat hartuta, akziodunen kapitalismotik interes-taldeen kapitalismora geratu den igaroa eta gaur egungo ingurumaria azaldu dituela.

SpainNAB, eragin-inbertsioa bultzatzeko plataforma globalaren Aholku Batzordeko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, gaur egun, erakunde handi batzuek, hala nola G8 deritzonak, ELGAk (Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta World Economic Forumek, eredu ekonomikoaren aldaketa berria antzeman dutela, nolanahi ere, COVID-19ak sorrarazitako krisiak, krisi energetikoak eta krisi klimatikoak bizkortuta.