Prentsa oharra 2022ko urriaren 27a

Mireia Zarate: «Gure memoriaren eta nortasunaren bermatzailea den agiritegia, gizarteari zabalik dagoena, izateko hasierako ametsa sendotu egin da Euskal Herrian»

EUSKAL ABERTZALETASUNAREN AGIRITEGIAREN 30. URTEURRENA

Sabino Arana Fundazioak eta ALDEEk gizarte garaikidean dauden agiritegi historikoei buruzko mintegia egin dute gaur

Eduardo Jauregi, Mikel Aizpuru, Jon Bagües, Henar Alonso, Mireia Zarate, Fernando Juárez, Luis de Guezala eta Iñaki Goiogana. Eduardo Jauregi, Mikel Aizpuru, Jon Bagües, Henar Alonso, Mireia Zarate, Fernando Juárez, Luis de Guezala eta Iñaki Goiogana.

Sabino Arana Fundazioak eta ALDEEk (Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea) jardunaldi bat antolatu dute gaur Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren  XXX. urteurrenaren kariaz.

Jardunaldiaren aurkezpen-ekitaldian, Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek erakundearen historia laburbildu du agiritegiaren sorreratik, Arratia-Arteako Meñaka eraikinean zegoela, gaur egunera arte.

(Joan den mendeko) 90eko hamarkadaren lehen urteetan, «Artean batutako dokumentazio guztia sailkatzeko, antolatzeko, deskribatzeko eta instalatzeko lanei halabeharrez gehitu zitzaien materialen etengabeko dohaintzen etorrera, horien erregistroa eta antolaketa, ikertzaileen eta norbanakoen kontsultak… eta abar» nabarmendu du Zaratek.

«Hiru hamarkadatan, gure memoriaren eta nortasunaren bermatzailea den agiritegia, gizarteari zabalik dagoena, izateko hasierako ametsa sendotu egin da Euskal Herrian.

Alabaina, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren historia ezin uler liteke horren eragile nagusiak aipatu barik gabe. Ildo horretan, bidezkoa da Jesus Insausti «Uzturre» aipatzea, hau da, Sabino Arana Fundazioaren presidentea Artxiboa Arratiako Artean inauguratu zenean. Gaur, inoiz baino esanguratsuagoak Uzturrek esandako hitzak agiritegiaren inaugurazio- egunean: «Gu joaten garenean, hemen geratuko gara, Artean, paper zahar hauen artean. Abertzaletasunaren mende hau guztia, handitasun eta miseriekin».

Ander eta Mari Barrutia ere aipatu behar dira, Beyris-ko erbestealdian, Izarra etxearen eta bertan gorde zen dokumentazio guztiaren zaindariak. Peru Ajuria argazkilaria ere bai, erbestean dokumentazio ugari bildu zuena, orduko Eusko Jaurlaritzaren eta Generalitatearen «paperak» erretzetik salbatu zituena, Parisko Avenue Marceau egoitzatik Rue Singer egoitzara lekualdatu behar zituztenean.

Eta Gorka Agirre, agiritegiaren lehen urteetan paper garrantzitsuenak desklasifikatzen lagundu eta gainbegiratu zuena.

Eta nola ez, urte hauetan guztietan gure memoria historikoa goresten ahalbidetu duten ehunka familia dohaintza-egile.

Lehen hitzaldia Mikel Aizpuruk egin du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak. Aizpuruk Euskadin azken 40 urteotan izan ditugun artxibo-sistemak azaldu ditu eta «Dokumentu-kudeaketa integralari eta dokumentu-ondareari buruzko legearen» hasi-masiak garatu ditu.

Aizpururen aburuz, «Legeak artxiboen lana bultzatzeko aukera emango digu, zoritxarrez, historiak gero eta pisu txikiagoa baitu kontu honetan».

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariaren esanetan, «ez da historialarientzako lege bat, artxiboentzat, administrazioarentzat eta herritarrentzako lege bat baizik».

Aizpururen arabera, Lege berriak garai berri honetan ezarri behar dituen erronken artean daude, besteak beste, «arauen eta erakundeen garapena; dokumentazio elektronikoaren kudeaketa; eta Euskaditik kanpo dauden dokumentuak berreskuratzea (kopiak) Salamancakoa edo Avilako Artxibo Militarra lako artxiboetan». Era berean, «XX. mendearen bigarren erdiko artxiboen aldeko politika proaktiboa» gauzatzearen alde agertu da.

Avilako Artxibo Militar Orokorraren Deskribapen Arloko buruak, Henar Alonsok, estatuko memoria demokratikoari buruzko lege berriak artxiboetako informazioa eskuratzeko aukeretan lortu diren aurrerapenen balioa azpimarratu du.

Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak 30 urte bete dituen honetan, Espainiako erakunde militar batean lan egiten duen norbaitek lehen aldiz bisitatu du erakundea, eta, oraingo honetan, hain zuzen ere, dokumentazio militarraz eta haren eskuragarritasunaz hitz egiteko, horrek dakartzan ondorioak aintzat hartuta: gudariak, gerra, zorioneko «langileen batailoiak» horren guztiaren biktima izan ziren milaka antifrankista eta beste. Horregatik guztiagatik, zintzoki eskertu zaio Henar Alonsori jardunaldi honetan parte hartu izana.

Hala berean, Avilako Artxibo Militar Orokorraren Deskribapen Arloko buruak Informazio Sailkatuaren Legearen aurreproiektuak sorraraz ditzakeen atzerapausoak azaldu ditu, «hasierako idazketak kritika gogorrak jaso baititu informazioaren profesionalen aldetik, artxibozain eta historialarien zein kazetarien aldetik», adierazi du Alonsok.

Jon Baguesek, ERESBIL-Musikaren Euskal Artxiboaren zuzendari ohiak (2021eko Manuel Lekuona Saria, Eusko Ikaskuntza) «Ondarea jagoteko ekimen publiko eta pribatuak» izeneko hitzaldian, batik bat, gerra zibilaren garaia aletu du, dokumentu-iturriak bereriazko kasu gisa jorratzeko helburuz.

Musikaren inguruko dokumentazioari buruz aurretiaz egindako lan batetik abiatuta («Joan-etorriko paperak») Jon Bagüesek gerra zibila eta erbestealdia ikertzeko dokumentu-iturri «askotarikoen» garrantzia azpimarratu du, eta Euskal Diasporaren artxiboa nahiz Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia izan ditu hizpide.

Era berean, paperaz besteko dokumentuen eta euskarrien garrantzia azpimarratu du, uste osoa baitauka «memoria talde-lanari esker erakitzen dela, erakunde ugari eta anitzen ahaleginari esker.

Iñaki Goiogana Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikariak Juan Ajuriagerra EAJ alderdiaren buruzagi historikoaren esaldi bat ekarri du gogora: «Egin beharko da». Goioganaren esanetan, esaldi horrek «bikain laburbiltzen du diktadura frankistaren sasoian sortutako hainbat euskal kultura-erakunderen adorea eta kemena, estatuak laguntzarik ematen ez ziola euskal kulturari edo, gehienetan, zapaldu egiten zuela». Egoera hartan, «egin beharko zen eta egin zen» azpimarratu du Goioganak. Adore horretatik abiatuta sortu ziren Ekin euskal argitaletxea, Euzko Gogoa aldizkaria, ikastolak, Durangoko Azoka, Eresbil, Euskadiko Filmategia... bai eta Sabino Arana Fundazioa eta Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia ere.

Amaitzeko, «Abertzaletasunaren Agiritegia, diktadorea hil ostean sortu bazen ere, gizon-emakume askoren ahaleginaren emaitza da, kasurako, Manuel Irujo eta Joseba Rezolarena, eurek idatzitako agiri guztiak gorde baitzituzten bizitzan egindako lan publikoaren berri emateko asmoz» azaldu du Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikariak.