Prentsa oharra 2022ko abenduaren 15a

Euskararen Legea: tresna baliagarria, baina ez helburua

  • Sabino Arana Fundazioak (SAF) eta Euskaltzaindiak orain dela 40 urte onartu zen Euskararen Legearen inguruan gogoeta egiteko mintegia antolatu dute Bilbon.
  • Azken lau hamarkadetan Euskararen Legeak ireki dituen bideak aztertu dira jardunaldian, eta, bide batez, etorkizuneko erronkak identifikatzen ahalegindu dira hizlariak.
Mireia Zarate, Bingen Zupiria eta Andres Urrutia. Mireia Zarate, Bingen Zupiria eta Andres Urrutia.

BILBO (2022-12-15). Gaur, abenduak 15 dituela, Euskararen Legeak irekitako bideez gogoeta egiteko aukera izan da Bilbon, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu duten mintegian.

            Azaroaren 24an, 40 urte bete ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zela. Azken lau hamarkadetan, Euskararen Legea giltzarria izan da euskarari bidea zabaldu eta aukera berriak eskaintzeko orduan, eremu publikoan zein pribatuan. Honela, gaurko jardunaldian legeak ekarritakoez eta irekitako bideez gogoeta egin da, bai eta euskarak ofizialtasun murriztua edo ofizialtasunik ez daukan lurraldeen oraingo egoera zein den azaldu ere.

            Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak ongietorria egin die gonbidatu eta entzuleei, eta azpimarratu du mintegiaren garrantzia, “Legearen ekarriei euskararen lurralde guztietako begietatik begiratu zaielako”.

            Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ireki du berbaldien txanda, eta Euskararen Legearen azterketa egin du, baina herritarren ikuspegitik. Legearen babesean, herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukerak izugarri zabaldu direla aipatu du Zupiriak, baina ez hori bakarrik, “Legearen edukiek garapen handia izan baitute ondoko xedapen eta arauen bitarteez. Hari horri jarraituz, esan du euskararen estatusa modu nabarmenean indartu dela “Udal Legearen eta hainbat arlotan onartutako dekretu eta aginduen bitartez”. Eta Euskararen Legearekin batera, hizkuntza estandarraren finkatze eta hedatzeak ere normalizazioan lagundu duela adierazi du: “Euskal eredu estandarra biribildu da, euskararen normalizazioak aurrerapauso nabarmena eman baitu 40 urteotan hiztegi, gramatika, onomastika eta abarretan. Horrek guztiak ere lagundu du, jakina”. Zupiriak gogoratu du administrazioan eta Hezkuntzan 1982tik eginiko aurrerapenak, baina ohartarazi du: “Euskararen Legea tresna bat da, ez helburua”.

            Andres Urrutia euskaltzainburuak Legeak euskararen normalizazioan ekarri dituen ondorioak aletu ditu, baina zehaztu du hizkuntza zuzenbidearen eta hizkera juridikoan izugarria izan dela garapena. Dena den, Legeak ematen dituen aukerak alor guztietan ezarri behar direla esan du Urrutiak, “eguneroko jardunean, geure bizitzako une guztietan, etxean, lanean, kalean”.

            Juanjo Alvarez legelari eta UPV/EHUko irakasleak ideia nagusi bat jorratu du, hain zuzen, Europako Zuzenbideak (Lisboako Tratatua) indar handia ematen diola Europar Batasunaren kultura- eta hizkuntza-ondarea bere alderdi guztietan babesteko eta sustatzeko helburuari, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna Europar Batasunaren funtsezko printzipioetako bat baita, Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22. artikuluan jasota dagoelako («Batasunak kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen ditu»).

            “Europako hizkuntza guztiak berdinak dira balioari eta duintasunari dagokienez -jarraitu du Alvarezek-, beren kultura eta zibilizazioen parte dira eta gizateria aberasten laguntzen dute. Izan ere, hizkuntza-aniztasuna herritarren eskubidetzat hartzen da, eta horrek esan nahi du hizkuntza baten esklusibotasuna ezartzen saiatzeak Batasunaren funtsezko balioak murriztea eta urratzea dakarrela. Hizkuntza gutxituak Europako kultura-ondarearen zatitzat hartu behar dira”. Legelariak gogoratu du Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunaren kontzeptuak, “hizkuntza ofizialak ez ezik, estatu kideetan ofizialki onartzen ez diren hizkuntza koofizialak, eskualdeetako hizkuntzak eta hizkuntzak” ere biltzen dituela. Baina aitortu du, bestalde, Europar Batasunak kontraesan ugari dituela hizkuntza gutxituen esparruan, sarritan bere lege propioak betetzeko zailtasunak dituelako.

            Elixabete Piñol abokatu eta euskaltzain urgazleak Legearen hastapenak gogoratu ditu, aitortuz erabilera juridikorako gune berriak ireki zituela: “1982an, euskal herritarrek hizkuntza arloan zituzten eskubideak lege-antolamenduan jasotzeari ekin behar zitzaion eta Euskararen Legea onartu zen”. Ondoren, esan du 40 urte pasa direla baina euskararen erabilera ez dela normalizatu: “Gaur egun gure hizkuntza gutxitua da”. Jarraian, abokatu batek euskaraz jarduteko gainditu behar dituen oztopoak salatu ditu: “Eskuragarri ditugun tresnak ez ditugu ezagutzen; eta Espainiako Gorteek eta Europar Batasunak onartutako etengabeko lege-aldaketek ez dute laguntzen; hiztegi juridikoaren zailtasunak ere ez du laguntzen; eta, jakina, Justizia Administrazioan euskararen presentzia eskasa eta euskararen kontrako azken epaiak ere ez”.

            “Nola ireki genezake erabilera juridikorako guneak?” galdera egin du Piñolek; eta segidan erantzuna: “Hiztegi juridikoa gorpuzten jarraituz; epaitegietan euskararen erabilera sustatzeko ekimen eta proiektuekin jarraituz; eskuragarri dagoen corpusa zabalduz; legeria eguneratuz; eta eragile sozial eta gizarte osoaren laguntzaz.

            Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazleak hitzaldi jostagarri bezain zorrotza eman du. Lehenik, azpimarratu du Euskararen Legeak legegintzari “babes juridikoa” eman diola, “Euskal Autonomia Erkidegoan, euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko gizarte-arlo guztietan”. Eta ideia hori azpimarratu du: “10/1982 Legea izan ez balitz, ezinezkoa izango zatekeen Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren hizkuntza-eskubideak babestea haien eguneroko bizitzako arlo guztietan”. Kezkatuta azaldu da, baita bere, errealitateak erakusten duelako oraindik badirela aldapak eta zailtasunak, baina erakundeek egin dezaketenaz gain, euskaldunok egin dezakegunaz jardun du: “Kalean ere lehen berba euskaraz egitea oso garrantzitsua da, beraz, lotsa barik egin dezagun euskaraz, eskubide osoa dugulako”.

NAFARROAKO EGOERA BEREZIA ETA KONTSUMITZAILEEN BEHARRAK

            Eba Gaminde Zuzenbideko doktore eta euskaltzain urgazleak arlo soziekonomikoari erreparatu dio, hots, Euskararen Legeak arlo sozioekonomikoan, eta zehatzago esanda, kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen esparruan zer nolako eragina izan duen. Eta ondoko atalak jorratu ditu: lehenik euskal hiztunek jaso zuten babesa: hots, kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen arauketa; bigarrenik, diagnostikoa: arauketa horren betetze-maila zein den aztertu du; eta, azkenik, etorkizunari begira jarri da: bihar-etziko erronkak identifikatu nahi izan ditu, erabileraren benetako normalizazioa erdietsi nahi izanez gero kontsumitzaileen alorrean egin behar diren aurrerapausoak: “Erronken artean, nik bi azpimarratuko nituzke: batetik, arauketaren betetze-maila areagotzeko eta, beraz, kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak benetan bermatzeko gakoa aurkitzea, eta bestetik, aktibazioa erdiestea, bai enpresari eta zerbitzu-eskaintzaileena, baita kontsumitzaileena eurena ere”.

            Unai Hualde abokatu eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Euskararen Foru Legea aztertu du bere hitzaldian. Hualdek Legearen izena bera aipatu du lehendabizi: “Orain dela 36 urte onartu zen, Ley Foral del Vascuence izenarekin, eta duela bost urte aldatu zitzaion izena, Ley Foral del Euskera ezarriz. Kontu honek berak nahiko ondo adierazten du Nafarroan euskarak bizi izan duen eta bizi duen egoera”. Gogoratu behar da Lege horrek dioela gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta, bide batez, euskarak ere hizkuntza ofizialaren izaera izango duela lurraldeko eremu euskaldunetan: hortik dator zonifikazioa, hots, Nafarroaren banaketa linguistikoa: eremu euskalduna, mistoa eta erdalduna, bakoitza bere arau eta ajeekin.

            Hualdek onartu du Nafarroan beti daudela euskararen inguruan adostasunak bilatzeko arazoak, eta aletu ditu azken urteotan 1986ko Legeak izandako aldaketa guztiak, 2017koa barne. Azken aldaketa honetan euskarari aitortza egiten zaio, esanez Nafarroako hizkuntza berezia dela, bertakoa, eta horren berreskurapena sustatu behar dela. Baina era berean, Hualdek salatu du Euskararen Foru Legearen aplikazioan “zonifikazioaren interpretazio murriztailea” egin dela. “Iruñean daude Administrazioaren zerbitzu gehienak, eta nahiz eta Legea garatzen duen araudian eremu euskalduneko herritarrei eskubidea aitortzen zaien Foru Administrazioko zerbitzu zentraletan (ospitaleak, ogasuna…), praktikan eta interpretazio judizialetan eremu mistoko administrazioaren irizpideak nagusitzen dira”. Eta gaineratu du 1986ko hizkuntza-zonifikazioa ez datorrela bat Nafarroako errealitate eta bilakaera soziolinguistikoarekin: “Sortu zenean ere ez zen egon inoiz azaldutako irizpide zientifiko edo soziolinguistiko batean oinarrituta”.

            Segurtasun juridikoa emango lukeen marko juridiko egokia onartu bitartean, onartu du garrantzi handikoa dela “hizkuntza politika egokiak eta adostuak garatzea”, eta horretarako, beharrezkoa dela “Hizkuntza politika planifikatua”. Azkenik, etorkizuneko erronka batzuk zirriborratu nahi izan ditu: “Ezberdinen arteko adostasunak ehuntzen jarraitu behar dugu, hori baita bidea euskara gatazka alderdikoitik ateratzeko; herritar guztien eskubideak bermatzeko norabidean jarraitu behar dugu; euskararen sustapena eta balio positiboak gizarteratu behar ditugu, herritarren hautatze-eskubidea eta borondatezkotasuna kontuan hartuz; eta, azkenik, denok diskurtso eta jarreren berrikuspen sakon bat egin beharko genuke Nafarroan, batez ere eremu ez euskalduna deritzon horretan”.

            Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktore eta irakasleak eman du mintegiko azken hitzaldia. Zabaletak gogoratu du euskarak Ipar Euskal Herrian duen lege estatusa zuzenbidearen eta borondate zibil eta politikoaren arteko talkaren isla dela: “Euskarak frantsesaren nagusitasuna babesteko helburuz osatu den estatus juridiko bati aurre egin behar dio. Ofizialtasunik ez du eta eremu publikoan bazterreko lekura kondenatzen dute Konstituzioak eta legediak. Hala ere, azken urteetan, euskal gizarte zibilaren lanari esker, haren biziberritzearen aldeko mugimendu sendo bat sortu da. Mugimendu horren jarraipena, euskararen alde aplikatzen diren politika publikoek eman dute. Bi logika desberdin horien arteko etengabeko talkan biziraun behar du euskarak: legearen zurruna, eta haren aldeko hauspoaren indarra. Bi indar horien artean igeri egiten ikastea ezinbestekoa izanen du, etorkizunean arnasberritu nahi badu”.