Prentsa oharra 2022ko abenduaren 20a

Emakumeak Euskal Abertzaletasunaren balioen hedatzaile

Gerra Zibilean, klandestinitatean, erbestean eta trantsizioan, emakumeek berebiziko garrantzia izan zuten euskal abertzaletasunari lotutako ideiak eta euskal nortasuna hedatzen, euskara-eskolak, bertso-eskolak edo dantza-eskolak eman zituztela, presoei eta atzeguardian lagundu zutela edo ideologiaren zabaltzaile aritu zirela.

Sabino Arana Fundazioak euskal kultura-adierazpenen memoria aldarrikatzeko xedez, urtero-urtero antolatzen dituen jardunaldien esparruan, aurten, emakumeek betetako eginkizuna aztertu dugu, euskal abertzaletasunaren balioen hedatzaile izan zirela eta kultura, gizarte-mugimenduak, politika-antolakundeak eta abar baliatuta.

Jardunaldiaren izenburua ondokoa izan da: «Emakumeak aberrigintzan». Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zarateren ongietorria entzun ostean, ondoren, Roman Berriozabalek, Irakasletzako diplomadunak eta euskal abertzaletasunari lotutako argitalpen ugariren egileak, Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an, Bilbon, eratu zeneko testuingurua azaldu du, bai eta, antolakunde jeltzaleak Gasteizen egindako lehen urratsak ere, 1923ko ekainean.

Jarraian, Errepublika aldarrikatu ondotik emakumeek hasitako bideari doakionez, Berriozabalek EABk Araban izan zuen ezarpena aletu, emakumeen elkarte abertzaleak egindako jarduera esanguratsuenen nondik norakoak azaldu eta emakume horietako batzuen nortasunaz aritu da. Hitzaldian, gaurdaino argitaratu gabeko argazki ugari erakutsi ditu Berriozabalek.

Karmele Perez Pedagogiako doktore, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak adierazi duenez, «Euskal Herriko hezkuntzaren historia aztertuz gero, berehala ohartuko gara emakume abertzaleek belaunaldi berriak sozializatzen izan zuten garrantziaz».

«Emakume horietako batzuek andereño lan egin zuten ikastoletan, eta euskal hizkuntza eta kultura berreskuratzeko lanean izandako engaiamenduagatik, berezko izaera edo idiosinkrasioa eman zioten lanbide horri», azpimarratu du.

Pedagogoak nabarmendu duenez, «diktadura frankistak eten egin zuen andereñoen hezkuntza-lana, eta horren aurkako ezaugarri soziopolitikoak ekarri zituen lehenaldia eta geroaldia nagusitu zen.

Begoña Bilbaok, Karmele Perezen lantalde berean diharduen UPV/EHUko ikertzaile eta Pedagogiako doktoreak, erizainen erakundeak (Euzko Gexozain Bazpatza) eskaini zuen zerbitzua izan du hizpide.

«Emakume Abertzale Batzak eratutako osasun-arretaren garapena biziki garrantzitsua izan zen oso denbora laburrean. 1932an, EABk erizainak prestatzeko hainbat ikastaro antolatu zituen, Bilbon, Donostian edo Algortan. Lehen kontsultategiaren irekiera, pediatriako kontsulta eta Euskal Gurutze Gorriaren antolaketa, besteak beste, nabarmendu behar ditugu. 1934an, legez eratu ziren erizainen elkarte gisa, euren jardueretan eskubide osoz jardun ahal izateko, eta, gainera, nortasun juridikoa lortu ahal izateko», gogorarazi du Bilbaok0.

Erizainak abertzaleei eta Eusko Langileen Alkartasunakoen (ELA) senideei laguntzen hasi ziren, baina euskal erizainen zerbitzua erabakigarria izan zen gerran, gudariak artatzeko «Euzko Gexozain Bazpatza medikuntza eta osasun arloko antolakundeak Defentsa Sailaren esanetara lan egin zuen. Erizainak Osasun Militarraren alorrekoak ziren eta 4.000 bat kidek osatzen zuten. Antolakundearen eginkizun nagusia osasun-sarea planifikatzea eta sorospena ematea izan zen, bai abangoardiako ospitaleetan, bai atzeragoardiakoetan. Era berean, neska-mutilei lagundu zieten erbestera, eta, geroago, urgazpena eman zuten Iparraldeko eta Kataluniako ospitaleetan», azaldu du.

Bestalde, Monica Calvo kazetari eta antropologoak emakumeek frankismoaren garaian pairatutako errepresioari buruz hitz egin du.

Calvo emakumeek gerraostean eta Bizkaian nozitu zuten zigor-errepresioa ikertzen ari da, eta, adierazi duenez, «Gerra Zibilaren amaieran, garaileak zigor-jarduera ikaragarriak erabiliz oldartu ziren emakumeen aurka, eta genero-urratze ugariren aitzakiaz kondenatu zituzten eremu publikoan izandako aurrendaritzagatik eta euren jarrera politikoagatik. Horrela, asko eta asko espetxeratu zituzten emakume izate hutsagatik».

Ildo horretan, kazetariak gogora ekarri du Bizkaiko emakumeak, hasiera batean, Bilboko Probintzia Espetxean eta Orue etxean kartzelaratuak, epaitu ondotik, beste espetxe nagusi batzuetara bidaltzen zituztela zigorra betetzera, hala nola Saturraran, Durango edo Zornotzako espetxera. «Emakume horien bizipenak bizi-baldintza negargarriez, gaixotasunez, goseaz eta sufrimenduaz mintzo dira, baina borrokaz eta erresistentziaz ere bai», azpimarratu du.

Mª Esther Solabarrieta, Biologian lizentziaduna eta erbesteratuen alaba eta biloba, Venezuelako erbestean izan ziren euskal emakumeen lan nekaezinaz aritu da. Aitaren aldeko aitite zena Ondarroako (Bizkaia) alkatea izan zela eta amaren aldekoa Agirre Lehendakariaren Gobernuko lehen Industria sailburua izan zela gogoratu eta gero, Solabarrietak Caracasko Euskal Etxean eta EABn ezagututako emakumeen, 118 neska-mutil zeuzkan «Euzkadi-Venezuela» ikastolan ezagututako haurren, «Euzkadi Irratia-La Txalupa» irrati klandestinoan aritutako emakume esatarien gaineko oroitzapenak kontatu ditu, baita “gerrako neska” izan eta LPPEren (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) sortzailearen Venezuelako idazkaria izatera iritsi zen bere amaren gainekoak ere. Solabarrietaren esanetan, «emakume horiek guztiek aparteko ahalegina egin zuten, eleberri itxurako bizitza guztiz kementsuak izan zituztela».

Nagore Garamendi aktore eta modaren arloko prestakuntza, komunikazio eta kudeaketako adituak, EAB elkarteko Alicia Aretxabaleta gogoangarriaren bilobak, bere amamak egindako lana ekarri du gogora. Izan ere, Alicia Aretxabaleta Mendiak parte-hartze garrantzitsua izan zuen Bilboko kultura-esparruan, aktore dramatiko aritu zela, Alfredo Etxabe antzerkigilearen lanak antzeztuta eta, gainera, Bilboko Orkestra Sinfonikoko (BOS) lehen emakume biolin-jotzaile izan zen, eta hamaika urtez jo zuen bere soka igurtzizko instrumentua Bizkaiko hiriburuko orkestran. «Hori guztia gutxi balitz, irakasletza ikasi eta andereño jardun zuen, euskara ikasi zuen Ebaristo Bustintza Kirikiño-ren eskutik eta bi aldiz izendatu zuten Emakume Abertzale Batza elkartearen idazkari», nabarmendu du Nagore Garamendik.