Prentsa oharra 2022ko ekainaren 14a

EAJ-PNV alderdiaren ‘entzunez eraiki’ ekimenak “Gaurko komunitate politikoen identitatea/k” gaia jorratu du Iruñean

Irujo Etxea Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldi honetan, hogeita hamar bat adituk parte hartu dute, hala nola erakundeetako ordezkariek, akademikoek, enpresaburuek, ekonomialariek eta bestek.

Mireia Zarate, Ion Muñoa, Ana Urkiza, Jon Sarasua, María Solana, Xabier Barandiaran  eta Koldo Viñuales. Mireia Zarate, Ion Muñoa, Ana Urkiza, Jon Sarasua, María Solana, Xabier Barandiaran eta Koldo Viñuales.

EAJ-PNV alderdiaren ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuak hogeita hamar bat aditu bildu ditu gaur Iruñeko Tres Reyes hotelean, gaurko komunitate politikoen identitateari/identitateei  buruz eztabaidatzeko eta gaiaz hausnartzeko.

Irujo Etxea Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dute jardunaldia, eta, bertan, ondokoak izan dira: Maria Solana Geroa Baiko legebiltzarkidea, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidentea.

Irujo Etxea Elkarteko presidente Koldo Viñualesek eta Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek ongietorria eman diete bertaratutakoei eta, ostean, Maria Solanak adierazi du «Nafarroan, ondo baino hobeto dakigu azken urteotan jazotako aldaketen eraginez, gizartea are pluralagoa eta anitzagoa dela». Era berean, adierazi du «askotan, gehiegitan, badirudiela orain arte partekatzen ziren identitate-kontuetan atzera egin dela».

Hala eta guztiz ere, Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu du, «aldi berean, ikerketa soziologiko guztiz fidagarri batzuen arabera, agerian dago gero eta Nafarroako gizon-emakume gehiagok euskal abertzaletasunaren aldeko hautua egiten dutela, hain zuzen ere, eta horiek guztiek, hain zuzen ere, identitate erkide eta beregaina, bereizia, irrikatzen dute».

María Solanaren aburuz, «horrexek izan behar du helburua, bazterketarik eza; begirunean oinarritutako bizikidetza, bakean bizitzea onartzen duen gizarte kohesionatua eraikitzeko oinarri gisa.

Jon Sarasuaren iritziz, bada arrazoirik pentsatzeko euskal herritarrek nahiko lausotuta dituztela euren ikusmoldea eta etorkizunari buruzko ikuspegia azken hamarkadetan». Mondragon Unibertsitateko irakaslearen arabera, «zantzu batzuek pentsarazten digute pieza nagusiak, identitate-elementuak eta Herri bihurtzen gaituen unibertso sinboliko ahitzen ari direla.

«Dinamikak, indar-harremanak, inertzia eta denbora euskal eraikuntzaren aurka doaz; garai honetako dinamikak ez doaz Herri egiten gaituzten osagai maisuen alde», adierazi du Sarasuak. Horregatik, Sarasuak dioenez, beharrezkoa da zenbait ildo estrategiko lantzea.

 

Bestalde, Ion Muñoak esan du komunikazioaren paradigma aldatu egin dela sare sozialak agertu zirenetik eta horrek eragina izan duela gure identitatean. Deustuko Unibertsitateko irakasleak honela definitzen du identitatea: «partekatzen duguna», bai eta «komunikazioaren bidez partekatzen duguna». Ildo horretan, Muñoak ziurtatu du «komunikazio-esparru fisikoek (plaza, kalea…) eta, zehazkiago, esparru fisiko erkideek pisua galdu dutela eta telebistak, Internetek, sare sozialek eta halako komunikabideek indarra hartu dutela, batez ere, gazteen artean». Muñoaren ustez, «paradigma-aldaketa hori ez dator Internetek eskaintzen duenagatik, Internetek komunikazio-prozesuetan duen eraginagatik baizik».

Deustuko Unibertsitateko irakasleak, halaber, bere buruari galdetu dio ea gurea bezalako gizarte txiki eta anitz batek etorkizunean berezko nortasun edo identitatea izateko aukerarik ote duen. Eta galderari erantzun dio hau esanda: «euskal nortasunak kohesio-elementurik aurkitzen ez badu, desegiteko arriskua dagoela.

Azkenik, unibertsitateko irakasleak euskal nortasuna berregiteko erronka eta aukera batzuk identifikatu ditu. Erronka eta aukera horien barruan elementu erkideak sortu, aurkitu eta ekoitzi behar dira, eta sare sozialen mendean ez dauden beste elementu batzuk indartu.

Azkenik, Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako presidenteak, identitate kolektiboa/k eta agenda sozial berria jorratu ditu.

EAJ-PNV alderdiak gizarteari entzun nahi dio ‘entzunez eraiki’ deritzon prozesuari lotutako jardunaldietan, alderdi abertzalearen hurrengo urteetako proposamen politikoa arteztuko duten gaietan sakontzen jarraitzeko.