Prentsa oharra 2022ko abuztuaren 2a

Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken alean, euskal hezkuntzaren oraingo eta etorkizuneko erronkak aztergai

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du “oso garrantzitsua dela akordio zabaleko hezkuntza-legea izatea etorkizunean, horri esker, datozen urteotan hezkuntzaren esparrua ez baita alderdikeriaz borrokatzeko elementu izango”.

“Hezkuntza ez da pribatizatzen ari, guztiz kontrakoa baizik. Publikoa edo itunpekoa den, eta guk beti publikoaren alde egingo dugu, behar dugun eta nahi dugun eskola-ereduari buruz eztabaidatu behar dugu” azpimarratu du sailburuak.

Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken alean, euskal hezkuntzaren oraingo eta etorkizuneko erronkak aztergai
  • 2022ko irailaren 2a, ostirala

Euskal Hezkuntzaren Lege-proiektu berria aurrera doa, Legebiltzarrean % 90eko babesa lortu duela. Lege berri hori urrian onartuko ei da Legebiltzarrean, eta badirudi eraldaketa ekarriko diola hurrengo belaunaldietako euskal hezkuntzari. Horregatik, garrantzitsua da erdietsitako adostasunari eustea eta legebiltzar-talde guztien artean euskal hezkuntza-sistema berriaren ildo nagusiak zehaztea.

Hezkuntza-, irakaskuntza- eta erakunde-esparruetako esperientzia egiaztatuko ordezkariek datozen hamabi urteetarako nahi dugun euskal eskolaren eredua aztertu dute Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken zenbakian (72).

Zenbaki berri honetan, ondokoen gogoetak aurkituko ditugu: Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea; Mikel Juaristi, Gurutzetako (Barakaldo) Eskola Publikoko zuzendaria; Eva Rodríguez Salcedo, Durangoko San José-Jesuitas ikastetxeko zuzendaria; Aitor Uriondo, Axular lizeoko (Donostia) zuzendaria; José Manuel Bujanda, zuzendaria, irakaslea, ikasketa-burua, ikuskatzailea eta kabineteko zuzendari ohia; eta Laura Alegre, Generalitateko Funció Directiva i Lideratge-ko zuzendariorde nagusia.

72. zenbakiko elkarrizketan, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu du “oso garrantzitsua dela akordio zabaleko hezkuntza-legea izatea etorkizunean, horri esker, datozen urteotan hezkuntzaren esparrua ez baita alderdikeriaz borrokatzeko elementu izango, egonkortasuna eskaintzen digun elementua baizik, lanerako iparra argi eta garbi izan dezagun, eta, urteak igaro ahala, guztiok amesten dugun ekitate eta bikaintasun osoko proiektu hori landu dezagun”.

Beste alde batetik, Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedradunak Jesus Sarria, Hermes aldizkari historikoaren sortzailea (1917), ekarri digu gogora. Lazaro Etxegarai EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako doktoreak orain dela 66 urte zendu zen Bonifazio Etxegarai euskal legelari eta historialaria ekarri du gogora. Eta Joseba Iñaki Sobrinok, Zuzenbide eta Antropologiako lizentziadunak, euskal hauteskunde-araubidean dagoen ordezkaritza politikoaren distortsioa aztertu du.

Jose Felix Gonzalez San Sebastian artistak egin du Hermes aldizkariaren 72. ale honen lan grafikoa.