Prentsa oharra 2022ko ekainaren 13a

Kirol-arloan, umeak eta nerabeak babestea, gainditu gabeko erronka

Kirol-arloan, umeak eta nerabeak babestea, gainditu gabeko erronka

 

  • Indarkeria jasaten duten umeak eta nerabeak babesteko adituek eztabaidatu eta gogoeta egin dute gaur Sabino Arana Fundazioan: «Adingabeen aurkako sexu-abusuak hezkuntza ez-formalaren esparruan: kirola eta aisialdia».

  • Adingabeekin lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuei eta tokiko nahiz autonomia-erkidegoko erakundeei eta abarri eskatu diete indarkeria prebenitzeko mekanismoak abian jar ditzatela, neska-mutil eta nerabeekin lan egiten duten pertsona guztiak prestatzeko beharrezko baliabideak jarrita.
Kirol-arloan, umeak eta nerabeak babestea, gainditu gabeko erronka Kirol-arloan, umeak eta nerabeak babestea, gainditu gabeko erronka

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren onarpenak aurrerapauso handia ekarri du neskak, mutilak eta nerabeak babestearen arloan.

Nolanahi ere den, aipaturiko legea onartzea paradigma-aldaketaren hasiera baino ez da, gizarte gisa egin behar duguna haurren aurkako indarkeria desagerraraziko badugu. Behar-beharrezkoa da legeak ezarri dituen tresna guztiak martxan jartzea, bai, baina, batez ere, gizarte-pentsamoldea aldatzeko lan egin behar da, eta haurren eta nerabeen aurka egiten den edonolako indarkeria-mota gaitzesteko mezu biribila igorri behar da.

Horiexek ditugu, gaur, Sabino Arana Fundazioak antolatu eta Nerea Melgosa EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko Gizarte Politiken arduradunak koordinatutako mintegian atera diren ondorioetako batzuk. «Adingabeen aurkako sexu-abusuak hezkuntza ez-formalaren esparruan: kirola eta aisialdia» izenburuaren ildoan, Sabino Arana Fundazioak antolatuko dituen topaldietako lehenengoa izan da gaurkoa. Jardunaldi edo mintegi horietan, adingabeen aurka egiten diren sexu-abusuak aztertuko dira, luzaroan ikusezina izan den gai larria baita.

Gaurko jardunaldiaren hasieran, Nerea Melgosak azpimarratu duenez, «orain arte egindako ikerketek ikusarazten lagundu digute sexu-abusuek adingabeen ongizatean, osasunean eta segurtasunean dituzten ondorio kaltegarri eta iraunkorrak.

Burukide jeltzalearen arabera, «umeen aurkako indarkeriaren prebentzio egoki eta garaiz egiten denari esker, epe luzera zama sozial eta ekonomiko handia dakarten hainbat arazori aurre egin dakieke».

Beste alde batetik, Eukene Varasek, ZAIN aholkularitzako kide eta haurren zein nerabeen aurkako indarkerien prebentzioan eta babesean adituak, nabarmendu du 8/2021 Legearen baliozkotasuna. Izan ere, «haur eta nerabeei zuzenbidezko subjektu gisa arreta emateko beharra azpimarratzen du legeak, bai eta haurren eta nerabeen aurkako indarkeriei aurrea hartzeko beharra ere, eta, hartara haur eta nerabeekin lan egiten duten erakunde guztietan babes-arloko  koordinatzailea izateko betebeharra adierazten du».

«Haurrekin eta nerabeekin lan egiten duten erakunde eta antolakundeen erantzukizuna da jardueretan parte hartzen dutenek  indarkeriarik, kalterik edo abusurik jasateko arriskurik ez dutela izango bermatzea». Eukene Varasek adierazi duenez, «eguneroko lanean egiten diren ahaleginak nabariak badira ere, estrategiak sistematizatu gabe daude, beldurragatik, ezjakintasunagatik edo sinesmen faltsuengatik lasaitu egiten gara eta, horren zioz, babesgabetasun-kasuak edozein esparrutan gertatzen dira.

Legeari gagozkiola, baietsi du «ez dugula ahaztu behar legearen onarpena paradigma-aldaketa horren hasiera baino ez dela, gizarte gisa egin behar duguna, haurren aurkako indarkeria desagerraraziko badugu eta haiekiko tratu ona sustatuko badugu. Horregatik, behar-beharrezkoa da legeak ezarri dituen tresna guztiak martxan jartzea, bai, baina, batez ere, gizarte-pentsamoldea aldatzeko lan egin behar da, eta haurren eta nerabeen aurka egiten den edonolako indarkeria-mota gaitzesteko mezu biribila igorri behar da. Horren haritik, gogorarazi du erakunde horietan lan egiten dutenek «berariazko prestakuntza jaso beharko dutela desgaitasuna duten haur eta nerabeetan kirol inklusiboa sustatzeko eta nok dituen gaitasun eta trebetasun desberdinei behar bezala erantzuteko, eta, era berean, genero-berdintasunari buruzko prestakuntza espezifikoa jaso beharko dutela».

Bestalde, Iñaki Alonso Athletic Clubeko haurren babeserako arduradunak (Aterpe programa) adierazi duenez, «kirola, oro har, eta futbola, bereziki, ez dira historikoki izan erakundeek, entitateek eta kirol-klubek haurren aurkako indarkeriaren babesa eta prebentzioa eta tratu ona modu kontzientean lehenetsi dituzten guneak.

Haurren babesaren arloan lan egiten duen Athletic Clubeko arduradunaren arabera, «haurren aurkako indarkeria-jokabideen normalizazioa izan da neska-mutilekin egindako kirol-jardueren garapenaren ezaugarri arrunta», eta ziurtatu du «haurren aurkako indarkeria-egoera horietako asko ohikoak izaten jarraitzen dutela edo ikusezinak direla kirol-munduan».

Ildo horretan, Alonsok nabarmendu du «neska-mutilentzako kirolaren inguruan dabiltzan erakunde eta pertsona guztiek zaintza- eta babes-erantzukizuna onartu behar dutela. Aurrerapauso sendoa eman behar dugu haurren babesaren eta tratu onaren esparruan. Kirolean aritzen diren haurren zaintza eta garapen integralaren erantzukizuna geure gain hartu behar dugu. Indarkeriazko jokabide bakar bat ere ezin da onartu, eragin izugarri baitauka gaur eta gero jasaten duenarengan».

Irune Muguruzak, Eusko Jaurlaritzako Familien eta Haurren zuzendariak, azpimarratu du adingabeekin lan egiten duten kirol-profesionalek funtsezko eginkizuna dutela babesgabetasun-egoeren prebentzioan, eta «hori giltzarria dela esku-hartzea aurreratzeko, beharrezkoa izanez gero» gaineratu du.

Halaber, Haur eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia 2022-2025 delakoaren garrantzia azpimarratu du. Ekintza-plan hori erakunde, entitate eta profesional askoren laguntzaz egin da, eta honako helburu hauek ditu: haurren eta nerabeen aurkako indarkeria-mota guztiak prebenitzea; gerta daitezkeenak azkarrago antzematea; goiz esku hartzea; haurrei eta nerabeei beharrezko arreta eta babesa ematea, eta eragindako kalteak ahal den neurrian konpontzea.

Azkenik, “Protokoloari eta jardunbide egokiei buruz” hitz egiteko mahai-inguruan, hainbat erakunde eta antolakundetako ordezkariak bildu dira, eta euren erakundeek gauzatzen dituzten prebentzio-neurriak azaldu dituzte. Mahai-ingurua honako hauek osatu dute:

Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Jarduera fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Carlos Sergio Atxotegi, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkularia; Jonathan Mujika, Derioko Udaleko Kultura teknikaria; Naia Fernández, Lointek Gernikako Komunikazio eta Marketin zuzendaria; José Ángel Romo, Bosko Taldeko idazkaria; eta Izaskun Gutiérrez, Gaztetxo Eskolakoa.