Prentsa oharra 2022ko maiatzaren 5a

Ingo Niebel historialari eta kazetariak argitara eman du Agirre Lehendakariak naziek okupatutako Europatik egindako ihesaldia

Maiatzaren 5ean, ostegunarekin, 19:00etan, hitzaldia emango du Sabino Arana Fundazioan.

Hitzaldia \ Hitzaldia "Agirre Lehendakariarekin Berlinen"

1940ko maiatzaren 8an, Jose Antonio Agirre Lehendakariak, Mari Zabala emaztearekin eta Aintzane eta Joseba seme-alabekin batera, opor-egun batzuk hasi zituen Belgikan. Bi egun geroago, alemaniarrek, mendebaldeko frontean eraso egin ostean, ia berehala okupatu zituzten Herbehereak, Belgika, Luxenburgo eta Frantzia. Nazien operazio militar azkarraren ondorioz, Lehendakariak eta haren familiak lurralde okupatuan geratu behar izan zuten, ezin izan baitzuten handik ihes egin. Orduan hasi zen Agirre Lehendakariaren (eta euskal historiaren) bizitzako pasarte garrantzitsuenetako bat: Ardatzaren indarrek okupatutako lurraldeetatik Ameriketara ihes egitea, Belgika, Alemania, Suedia eta Atlantikoa zeharkatuz.

Agirrek berak bere ibilbidearen berri eman zuen "Gernikatik New Yorkera Berlinetik igaroz" izeneko liburuan eta garai hartan idatzi zuen egunerokoan. Baina, egia da liburu horietan dioena? Ala propaganda eta asmakuntza hutsa da?

Ingo Niebel kazetari eta historialariak zehatz-mehatz arakatu du Lehendakariaren ihesaldia, hainbat artxibotan murgilduta, dokumentazio ezezaguna berreskuratuz eta urratsez urrats jarraituz, ez bakarrik Agirrek bere ihesaldian egindako ibilbidea berrosatuz, ezpada, haren atzetik zihoazenen ibilbidea berrosatuz ere bai. Alderdi horiek guztiak jaso ditu Niebelek “A la caza del primer Lehendakari. Franco, Hitler y la persecución del primer presidente vasco” (Lehen Lehendakariaren atzetik. Franco, Hitler eta lehenengo euskal lehendakariaren jazarpena) liburuan. Agirrek idatzitako kontakizunaren egiazkotasuna berresteko eta nazien Nacht und Nebel (gaua eta lanbroa) delakotik irteteko berebiziko garrantzia duen lana dugu.

Ingo Niebel

Ingo Niebel (Kolonia, 1965) Historiako doktorea eta kazetaria da. Txikitatik ezagutzen du Euskadi  gurasoen eskutik, 1960tik Gernikarekiko harreman estua baitzuten aita-amek. Kazetari gisa egindako lanarekin batera, Euskal Herriaren iragana eta oraina ikertzen jardun du, eta hainbat ikerketa historiko eta politiko argitaratu ditu, gaztelaniaz, alemanez eta ingelesez idatzitako liburu eta artikuluetan.