Prentsa oharra 2022ko uztailaren 6a

Euskal Nortasunaren erronkak XXI. mendean

Sabino Arana Fundazioak EHUko Udako Ikastaroetako bat antolatu du gure gizartea eraldatzen ari diren aldaketa handiak aztertzeko.

Euskal Nortasunaren erronkak XXI. mendean

EHUko Udako Ikastaroen 41. edizioaren barruan, Sabino Arana Fundazioak bi ikastaro antolatu ditu, politikaren erronkak eta XXI. mendeak herrien nortasunean eragin dituen aldaketak aztertzeko.

Lehenengo ikastaroa, «Politikaren erronkak» izenekoa, Xabier Barandiaranek, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien saileko irakasle titularrak, koordinatu du, eta joan den ekainaren 24an egin zen Donostiako Miramar jauregian.

«Euskal nortasunaren erronkak XXI. mendean» izenburuaren ildoan, ikastaroaren bigarren eta hirugarren saioak uztailaren 5ean eta 6an egin ziren, Miramar jauregian. Iñaki Goirizelaia EHUko Elektronika eta Telekomunikazio Saileko Ingeniaritza Telematikoko katedradunak koordinatu zituen saiook.

Bigarren ikastaro horretan, azken urteetan edo hamarkadetan izandako eraldaketen zioz, hala nola digitalizazioa eta adimen artifiziala, klima-aldaketa, eraldaketa demografikoa, migrazio-mugimenduak eta beste, gizartean gertatzen ari diren aldaketak aztertu ziren. Aldaketa horiek guztiek ziurgabetasun handiko egoera sortuko dute etorkizun laburrean eta errotik aldaraziko dute harremanak lantzeko modua.

Topaldi horietan, nortasunaren gaia jorratu zen, beste herri batzuetako adibideak ezagutzeko aukera izan zen eta, bidenabar, euskal nortasunaren egoera aztertu, Euskal Herrian bertan zein munduan.

Horretarako, honako hauek guztiek parte hartu zuten saioetan: Onintza Odriozola, UPV/EHUko irakaslea; Joseba Sarrionandia, idazle eta olerkaria; Iratxe Esnaola, Telesforo Monzon eLab ekimenaren presidentea; Mireia Zarate, Sabino Arana Fundazioaren presidentea; Billy Kay, idazlea; Salvador Cardús, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa; Dhato Turavishvili, dramagile, eleberrigile eta itzultzailea; Imanol Galdos, Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia; Peter Loge, George Washington Unibertsitatekoa; Anne-Marie Chiramberro, Hella Basque blogaren sortzailea; Julieta Gaztañaga, Buenos Airesko Unibertsitatea-CONICET erakundeko ikertzailea eta Antropologia Saileko irakasle laguntzailea; Urko Aiartza, TMeLab-eko zuzendaria; Mikel Burzako, Sabino Arana Fundaziokoa; Maialen Goirizelaia, UPV/EHUko irakaslea; Juan Jose Ibarretxe, Agirre Lehendakari Center-eko zuzendaria; Naiara Goia, Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategiaren zuzendari nagusia; Ana Agirre, MCC korporaziokoa; Jon Maya, koreografoa eta Kukai Dantza taldearen zuzendaria; Lorea Arakistain, Puntu Eus-eko Marketin eta Komunikazio zuzendaria; Igor Campillo, Euskampus fundazioaren zuzendaria; Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko katedraduna; Beñat Hach Embarek; Eneko Axpe; Edurne Benito; eta Edurne Leon.