Prentsa oharra 2022ko maiatzaren 18a

EAJ-PNVren ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuak euskal erakundeen arkitekturaren indarguneak eta ahuleziak aztertu ditu

Xabier Barandiaranek, EAJ-PNV alderdiaren EBBko Berrikuntza Politikoaren arduradunak, azpimarratu duenez, euskal erakundeen ekinbidea arteztu behar duten gobernu onaren erronka eta ezaugarriei heldu behar zaie

Bilbo, 2022ko maiatzaren 18a

«Globalizazioak eta haren garapen-baldintzek agenda politiko berria paratu digute mahai gainean: klima-aldaketa, aniztasunaren kudeaketa, desparekotasunen aurkako borroka, eremu publikoetako segurtasuna, digitalizazioak ekarritako norbanakoen eta taldeen bizi-baldintza berriak... Hortaz, agenda politiko berri bati egin behar diogu aurre, bai eta, gainera, ziurgabetasuna, disrupzioa eta egonkortasun falta ezaugarri nagusi dituzten garapen-baldintzei», adierazi du Xabier Barandiaranek, EAJ-PNV alderdiaren EBBko Berrikuntza Politikoaren arduradunak, alderdi jeltzaleak azken bolada honetan egiten ari den ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuari doakion beste jardunaldi baten esparruan.

Gaurko bileran, Sabino Arana Fundazioan, kudeaketaren eta administrazio publikoaren arloetako adituek gertaera horiek guztiek euskal erakundeen sistemari nola eragiten dioten hausnartu eta eztabaidatu dute.

Xabier Barandiaranen iritziz, «mendebaldeko gizarteen bereizgarri den demokrazia liberala zentzu-krisi nabarmena jasaten ari da gaur egun, ondorio garrantzitsuak sorrarazi dituzten errealitate geopolitiko, ekonomiko eta sozial berriak eratzen ari direlako». Ildo horretan, Xabier Barandiaranek gizarte horietako ezaugarri arrunt batzuk aipatu ditu: «gizarte indibidualistagoak eta kontsumozaleak, gizarte-kapitalaren ahultze gero eta handiagoa, gizarte-desparekotasunen hazkundea, egitura politikoen zailtasuna errealitate anitzetan eragiteko , desafekzio politikoa…».

«Euskal erakunde-sistemaren etorkizuneko erronkak» izenburuaren ildoan, ondoko gaiak jorratu dira mintegian: euskal autogobernuak Europako testuinguruan izan dezakeen etorkizuna, euskal erakunde-sistemaren arkitekturaren indarguneak eta ahuleziak erronka horiei aurre egiteko, eta euskal erakundeen ekinbidea arteztu behar duten gobernu onaren erronkak eta ezaugarriak

Euzkadi Buru Batzarreko burukideaz gain, ondokoek jardun dute hizlari jardunaldian: Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia eta Azterlanen arduraduna; Maite Barruetabeña, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria; Rafael Jiménez Asensio, Herri Administrazioetako aholkularia, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazioetarako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua; Javier Bikandi, Euskal Autonomia Erkidegoko Herritarren Arretako eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria; eta Igor Filibi, EuroBasqueko presidenteordea eta UPV/EHUko ikertzailea.